Gizartea -
Koronabirusa
Berriz ere 60 kasutik behera Nafarroan, % 3,5eko positibitate tasarekin
15 egun daramatzate, jarraian, % 5eko positititatetik behera. Datorren astean arindu egingo dituzte neurri batzuk.
EITB MEDIA
Hamabigarren egunez jarraian, 100 positibotik behera atzeman dituzte egun bakarrean Nafarroan, Foru Erkidegoko Gobernuak emandako datuen arabera.
Osasun Sailak 57 covid-19 kasu positibo berri atzeman zituen atzo, hau da, aurreko egunean baino bat gutxiago (58). 1.623 proba egin ziren, PCR eta antigenoen testen artean, eta positibotasun tasa % 3,5ekoa izan zen.
Datuak eskutan, Foru Erkidegoak 12 egunez daramatza, jarraian, egunero 100 kasutik behera izaten, eta 15 egun, jarraian, % 5etik beherako positibotasun tasa izaten.
Astean zehar, 57 kasu atzeman ziren astelehenean ( % 3,26), 60 asteartean ( % 2,3), 78 asteazkenean ( % 4,1), 65 ostegunean ( % 3,6), 58 ostiralean (% 3,5) eta 57 larunbatean (%3,5 ).
Zifra horiek agerian uzten dute intzidentzia-kurbaren egonkortzea. Bereziki datu ona da otsailaren 15etik ez dela kasu berririk izan Nafarroako adinekoen egoitzetan.
Neurri berriak datorren astetik aurrera
Pandemiaren bilakaera ikusita, Nafarroako Gobernuak apur bat arinduko ditu covid-19aren kontrako neurri murriztaileak, eta hala, datorren ostiralean, hilaren 26an, barrualdea zabaldu ahalko dute berriro Nafarroako tabernek eta jatetxeek, betiere % 30eko edukierarekin. Horrez gain, egun horretatik aurrera, eremu pribatuko bilkurak sei pertsonakoak izan ahalko dira (orain arte laukoak baimentzen ziren gehienez). Dena dela, erkidegoaren itxiera perimetralari eta etxeratze aginduari eutsiko dio beste 15 egunez.
Era berean, erabat definitu da hurrengo hilabeteetarako txertaketa estrategia: 60 urtetik gorakoen txertaketa adin tarteka egingo dute Nafarroan (hamarkadaka, hain zuzen ere), eta nagusienak izango dira txertoa hartzen lehenak. Horretarako, baina, Osasunbidearen deia jaso beharko dute lehenik. Bigarren fase batean, apirilean, herritarren esku geratuko da Osasunbideara deitu eta txertaketarako hitzordua eskatzea.