Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroak otsailaren 26an zabalduko du berriz tabernen eta jatetxeen barrualdea

Gainera, eremu pribatuan sei pertsona bildu ahalko dira. Dena den, itxiera perimetralari eta etxeratze aginduari eutsiko dio martxoaren 11ra arte gutxienez.

Iruñeko taberna bat, itxita. Argazkia: EFE
Iruñeko taberna bat, itxita.
Iruñeko taberna bat, itxita. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak apur bat arinduko ditu covid-19aren kontrako neurri murriztaileak, eta hala, datorren ostiralean, hilaren 26an, barrualdea zabaldu ahalko dute berriro Nafarroako tabernek eta jatetxeek, betiere % 30eko edukierarekin. Horrez gain, egun horretatik aurrera, eremu pribatuko bilkurak sei pertsonakoak izan ahalko dira (orain arte laukoak baimentzen ziren gehienez). Dena dela, erkidegoaren itxiera perimetralari eta etxeratze aginduari eutsiko dio beste 15 egunez.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak azaldu duenez, datuen "bilakaera ona" aintzat hartuta. Santos Indurain Osasun kontseilariak zehaztu duenez , "arrisku oso handia izatetik arrisku handira" igaro da foru erkidegoa.

Indurainen ustez, "malgutze partzial eta progresibo bat egin behar da, kutsatzeak gutxitu eta txertaketa kanpainan aurrera egiteko". Azaldu du Nafarroa bide hori egiten ari dela, baina "egoera normalizatu batetik urrun" dagoela oraindik. "Malgutzea bai, baina lasaikeriarik, ez", ohartarazi du.

Malgutze neurriok hilaren 26an sartuko dira indarrean. Tabernek eta jatetxeek euren establezimenduen barrualdea % 30eko edukierarekin zabaldu ahalko dute, eta eremu pribatuan, bizikidetza unitate bikoa izango da (gehienez sei pertsona).

Merkataritzari eta aisialdi, kultura eta kirol ekitaldiei dagozkien neurriak datozen egunetan zehaztuko dituzte, sektoreekin bildu ostean.

Neurriok martxoaren 11ra arte egongo dira indarrean, eta luzatu edo aldatu ahalko dira egoera epidemiologikoaren arabera.

Nafarroak 214 kasuko intzidentzia tasa metatua du (14 egunetakoa, 100.000 biztanlekoa), eta 75,36koa, azken zazpi egunetakoari dagokionez. Halaber, positibotasun tasa hainbat egunez egon da % 5etik behera. Ospitaleetako egoera egonkor dago: 89 gaixo daude gela arruntetan eta 23, ZIUetan, aurreko asteetan baino nabarmen gutxiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Jatetxeak Erizaintza Sendagaiak Tabernak Txertoak Nafarroako Ospitale Gunea María Chivite Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea