Gizartea -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Eider Mendoza: "Ondasun naturalak sekulako galera izan du"

Gipuzkoan 400 hektarea inguru erre dira, baso autoktonoaren zatirik handiena.

Sutea, Endarlatsatik
Sutea, Endarlatsatik
Sutea, Endarlatsatik

EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile Eider Mendozak ziurtatu du bi egunetan 400 hektareatik gora erre direla basoan, eta iragarri du erantzukizunak eskatuko dituztela.

Mendozaren esanetan, indarra hartu du nahita piztutako sutea izan dela baieztatzen duen hipotesiak. Dena den, egunotan sua itzaltzea izan da lehentasuna, eta orain Nafarroako Gobernuaren lana da ikerketa aurrera eramatea, Mendozaren arabera. "Nafarroarekin eta Lapurdirekin elkarlanean arituko gara, gertatutakoa argitze aldera", esan du.

Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan adierazi duenez, "asteburu oso gogorra izan da, dela arlo profesionalean, dela arlo pertsonalean".

Covid-19arekin lotuta Gipuzkoako erresidentzietan dauden kasuei buruz, Mendozak azpimarratu du egoera ez dela aldatu, hau da, hiru positibo daudela gaur-gaurkoz zahar-egoitzetako adinekoen artean.

Sutearen jatorria ikertzen hasi direla esan du Nafarroako Gobernuak

Itziar Gomez Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak esan du, behin Bera eta Lesaka inguruko suteak itzalita, "ikertzeko eta Foruzaingoak bere lana aurrera eramateko" ordua dela.

Prentsaurreko baten amaieran, Gomezek eskerrak eman dizkie asteburu osoan sua itzaltzen aritu diren langile guztiei, "baldintza zailetan" jardun dutela gogora ekarrita. Halaber, aurreratu du astelehen honetan bi lantalde sortu dituztela (bat Bera-Ibardinen eta bestea Lesaka-Irunen) suteek eragindako kalteak baloratzeko.

Kontseilariaren hitzetan, Beran piztutako sutea izan zen denetan handiena, batez ere, kontuan izanda bertako bizilagunak eta ondasunak arriskuan jarri dituela. Halere, argi du ez direla ahaztu behar beste zenbait puntutan izan diren suteak, beharginek sekulako lan karga izan baitute.

Haizea izan da, Gomezen ustez, suteak hain arin zabaltzeko arrazoi nagusia. Izan ere, suhiltzaileentzat zaila izan da airetik sua itzaltzea. "Baldintza horietan langileak arriskuan daude", zehaztu du.

Gauzak horrela, baso teknikariak eta ingurumen adituak Nafarroan eta inguruetan suak eragindako kalteak aztertzen hasi dira gaur goizean. Horretarako, Bera eta Lesakako Udalekin jarri dira harremanetan, elkarlana sustatze aldera.

Gomezek nabarmendu du "zehatz-mehatz" aztertuko dutela gertatutakoa, eta guztia argi dutenean tokian tokiko erakundeei eta komunikabideei emango dietela horren berri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak