Gizartea -

Martxoak 8

Zaintzak ikustarazi eta banatu nahi ditu Emakundek M8ko kanpainarekin

"Nork zaintzen du?" galderaren bitartez kanpainak gogoeta bultzatu nahi du bizitzari eusteko zaintzak duen funtsezko garrantziari buruz.

Artolazabal eta Landaida, aurkezpenean. Argazkia: Irekia
Artolazabal eta Landaida.
Emakundek zaintza bistarazi eta partekatzeko helburua ezarri du

1:45

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Nork zaintzen du? Jar dezagun agerian. Egin dezagun dagokiguna". Horixe da aurten Emakundek martxoaren 8rako, Emakumeen Nazioarteko Egunerako, prestatu duen kanpainaren leloa. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztu dute kanpaina.

Kanpainak zaintza-lanak ikusarazteko, baloratzeko eta gizarte osoaren artean banatzeko beharra azpimarratzen du: emakume eta gizonen artean eta baita erakunde eta gizarte osoaren artean ere. 

Sailburuak azpimarratu duenez, covid-19aren pandemiak "inoiz baino nabarmenago utzi du zaintza-lanek bizitzari eusteko duten funtsezko garrantzia", eta "zaintzarekin konprometitzeko" beharra nabarmendu du, bai gizonezkoek, bai emakumezkoek, bai erakundeek eta, oro har, gizarteak.

Artolazabalek, halaber, Eusko Jaurlaritzak zaintza erantzunkidearekin duen konpromisoa nabarmendu du, eta neurri batzuk aipatu ditu adibide gisa: "Guraso-baimen berdinak eta besterenezinak, neurri aitzindaria Estatuan; kontziliaziorako eta zaintzarako profesionalak kontratatzeko laguntzak; zainketa instituzionalak indartzea (sozialak, sanitarioak eta hezkuntzakoak) bizi-ziklo osoan zehar, zaintzaileei laguntzea barne; kontziliazio-planak eta berdintasun-planak enpresetan egitea bultzatzea; soldata-arrakalaren aurkako euskal estrategia; edo, bereziki, Berdintasun Legearen aldatzea".

Emakundeko zuzendariak, bere aldetik, zaintzarekin lotutako hiru alderdi azpimarratu ditu: bere garrantzia, "funtsezkoa baita gure biziraupenerako eta gizartearen funtzionamendurako" pandemian inoiz baino nabarmenago geratu den bezala; haren ikusezintasuna, kanpainako planteamendu grafikoan indartutako ideia bat, pertsonak agertu gabe zaintzarekin lotutako elementuak erakutsiz; eta emakumeen eta gizonen arteko zaintza lanen banaketa desorekatua. Banaketa desorekatu horrek, esan du, " emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, hezkuntzarako, osasunaren arretarako, bizitza publikorako eta ordaindutako enplegurako duten sarbidea mugatuz”.

Landaidak gogorarazi duenez, zaintza erdigunean jartzeko beharra feminismoaren aldarrikapen handietako bat da, eta, era berean, zaintza horiek balioesteko eta modu orekatuan banatzeko beharra hainbat esparru programatikotan jasotako helburua da hala nola, Nazio Batuek sustatutako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendan, edo EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planean bertan, besteak beste.

Kanpainak kartelak (erakundeetara, ikastetxeetara, osasun-zentroetara... bidali dira jada), irrati-iragarkiak, bannerrak eta telebistako spot bat izango ditu eta otsailaren 24tik martxoaren 9ra bitartean egingo da kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Era berean, sare sozialetan #CuidadosVisibles #ZaintzakAgerian traolak erabiltzera gonbidatuko dituzte herritarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna Umeak Koronabirusa