Gizartea -

BERDINTASUNA

Sexu askatasunaren legearen aurkako txostena onartu du Botere Judizialak, aho batez

Hala ere, txostena ez da loteslea eta Espainiako Berdintasun Ministerioak iragarri du lege proiektua lantzen jarraituko duela. "Baietz bakarrik da baietz" izenez ezaguna da lege asmoa.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Berdintasun Ministerioa prestatzen ari den sexu askatasunaren legearen aurkako txostena onartu du, bart, Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Hala ere, txostena ez da loteslea eta Espainiako Gobernuak iragarri du lege proiektua lantzen jarraituko duela. Sexu askatasunaren legea "baietz bakarrik da baietz" izenez ere ezaguna da.

Botere Judizialak arauaren bi alderdi nabarmen kritikatu ditu; batetik, "baimenaren" definizioa; bestetik, sexu abusuen eta sexu erasoen arteko bereizketa egitea.

Magistratuak ez daude ados "baimenaren" definizioarekin. Legeak lehen aldiz definitzen du kontzeptua eta horren arabera biktimak ez bazuen adierazi parte hartu nahi zuela ez zegoen baimenik. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren iritziz, definizioa "ez da beharrezkoa". Zigor Kodeak dagoeneko kontuan hartzen omen duelako baimenik izan den edo ez, delituak zigortzerakoan. 

Bestalde, epaileek diote baimenaren kontuak "froga problematika" bat sor dezakeela (noiz dagoen baimena edo ez) eta akusatuaren errugabetasun presuntzioari eragin diezaiokela.

Legearen beste gakoetako bat ere kritikatu dute epaileek, hots, sexu abusuen eta sexu erasoen aurkako bereizketa ezabatzearen kontra. Magistratuen esanetan, biktimarengan babes falta sor dezake delitu larriak egiten dituztenei zigor arinak ezartzeko arriskua dagoelakoan. Aldi berean, delitu arinak egin dituztenek zigor gogorrak jasotzeko arriskua dutela ohartarazi dute. 

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak plazaratu duen iritziaren aurrean egin duen lehen balorazioan, txosten "atzerakoitzat" jo du Victoria Rosell Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Gobernuaren ordezkariak.

Bestalde, sexu askatasunaren lege aurreproiektuarekin aurrera jarraituko duela iragarri du Berdintasun Ministerioak, nahiz eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak kontrako iritzia eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako Gobernua albisteak Espainia argazkiak Gizartea albisteak Indarkeria matxistaren biktimak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Sexu erasoak BJKNari buruzko albisteak