Gizartea -
SUTEA
Arrainak hilik eta aparra agertu dira Azpeitian erretako enpresaren ondoko errekan
Irurena enpresaren bi pabiloi kiskalita geratu ziren. Egurrarentzako produktuekin egiten dute lan, margoekin eta disolbatzaileekin, besteak beste; toxikoak eta suharberak diren produktuak dira.
EITB Media
Dozenaka arrain hilda eta aparra agertu dira Azpeitian atzo sutea izandako Irurena enpresaren albotik igarotzen den Errezil errekastoan. Ikerketa zabaldu dute gertatutakoa argitzeko. Material oso arriskutsua eta toxikoa biltzen duten bi pabilioi erabat kiskali ziren, eta ondoren agertu zen kutsadura errekan.
Gipuzkoako Foru Aldundiko adituek laginak hartu dituzte, laborategira igortzeko. Ertzaintza eta suhiltzaileak, berriz, sua nola piztu zen ikertzen ari dira.
22:00ak aldera piztu zen sua, ostiralean, eta inguruko bi baserri hustu egin behar izan zituzten, badaezpada. 03:45 aldera lortu zuten suhiltzaileek sua kontrolpean hartzea. Ez zen inor zauritu. Kalte materialak, berriz, handiak izan ziren.
Egurrarentzako produktuekin egiten dute lan Irurena enpresan, margoekin eta disolbatzaileekin, besteak beste; toxikoak eta suharberak diren produktuak dira, eta ondorioz, ke-laino handia zabaldu zen sutearen ondorioz.
Sutearen lekura suhiltzaileak, Ertzaintza, Babes Zibilerako langileak eta osasun zerbitzuak bertaratu ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak esan duenez, Azpeitiko, Zarauzko, Legazpiko eta Eibarko parkeetako suhiltzaileek hartu zuten parte itzaltze lanetan.