Gizartea -
Koronabirusa
1.382 salaketa jarri dituzte asteburuan covid-19aren aurkako neurriak urratzeagatik
Arau-hauste gehienek, 835ek, mugikortasunaren mugekin edo gehienez lau pertsona elkartzearekin izan dute zerikusia.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak eta udaltzainek 1.382 isun jarri zituzten asteburuan covid-19aren aurkako prebentzio neurriak urratzeagatik, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Arau-hauste gehienak, 835, mugikortasunaren mugekin edo gehienez lau pertsona elkartzearekin izan dute zerikusia.
Etxeratzeko agindua ez betetzeagatik jarri ziren 440 salaketa, 178 udalerritik ateratzeko edo sartzeko mugagatik, eta 157 eremu publiko edo pribatuan 4 pertsona baino gehiago elkartzeagatik.
336 izan ziren musukoa ez erabiltzeagatik edo gaizki erabiltzeagatik jarritako isunak, eta kalean alkohola kontsumitzeagatik jarritakoak 127 izan ziren.
Gainerakoak ostalaritzan edo jarduera fisikoan metro eta erdiko distantzia ez zaintzeagatik, bi metroko distantziarik gabe eremu publikoan erretzeagatik eta ostalaritzako ordutegia urratzeagatik jarri zituzten.
Lurraldeka, Bizkaian 831 izan ziren salaketak, 316 Gipuzkoan, eta 235, Araban.