Gizartea -
Datozen bost urteetan
Bilbon egingo dute El Sol publizitate jaialdia
Bere esparruan ospe handia duen jaialdi honek 1.800 lagunetik gora biltzen ditu eta 18 herrialdetako 2.500 lan eta kanpaina baino gehiago jasotzen ditu urtero.
Erredakzioa
Datozen bost urteotan Bilbo izango da El Sol publizitate jaialdiaren egoitza. Horrela iragarri du AEACP Espainiako Komunikazio eta Publizitate Agentzien Elkarteak.
'Sol en Bilbao' izenburupean, Bizkaiko hiriburuko lau egoitza ezagun izango ditu: Euskalduna Jauregia, Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao Arena pabiloia eta Bilboko Alondegia. 2012ko maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, 2an eta 3an ospatuko da.
AEACP Espainiako Komunikazio eta Publizitate Agentzien Elkarteak sustatu eta antolatzen du urtero El Sol jaialdia. Azken 25 urteotan Donostian egin badute ere, aurrera begira egoitza aldatzea erabaki dute.
Hamaika hiri lehiatu dira El Sol publizitate jaialdia hartzeko, eta, azkenean, Bilboko hautagaitza aukeratu dute antolatzaileek.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Diputazioak pozik hartu dute albistea, hirian eragin ekonomiko handia izango duelako eta Bilbo nazioartean kulturaren eta sormenaren erreferente bilakatuko duelako.
Gaur egun, lehiaketa garrantzitsuena da bere esparruan: 1.800 lagunetik gora biltzen ditu, eta hamabi sailetan lehiatzen diren 18 herrialdetako 2.500 lan eta kanpaina baino gehiago jasotzen ditu, besteak beste, Espainiatik, Brasildik, Mexikotik eta Argentinatik bidalitakoak.