2021/03/13
11:42
Gizartea
SUTEA
Pilatutako auto andana erre da Aguraingo auto-berziklatze enpresa batean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Suhiltzaile bat Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan dute, kea arnasteagatik. Sugarrek ke handia eragin zuten eta trafikoa eten behar izan zuten A-1 errepidean.
-
Sutearen irudia, goizalden. Argazkia: @BomberosAraba
Sute ikusgarria izan da bart Aguraingo auto-berziklatze enpresa batean eta pilatuta zituzten hainbat auto kiskali dira.
30 suhiltzaile aritu dira lanean eta horietako bat Txagorritxuko Ospitalean artatu behar izan dute kea arnasteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
21:00ak baino lehenxeago piztu zen bart sutea Kañuetas kaleko industrialdean, oraindik argitu gabeko arrazoiak direla eta. Antza denez, enpresa barruan prentsatuta zeuden pakete batzuetan hasi zen sua eta jada birrinduta zeuden pilatutako auto batzuetara zabaldu zen gero, indar handia hartuz.
Sute industriala Aguraingo enpresa batean. Suhiltzaileak lekuan.
— Arabako Foru Suhiltzaileak (@BomberosAraba) March 12, 2021
Incendio industrial en empresa de Agurain. pic.twitter.com/BlsMJoIo0y
Sugarrek ke handia sortu zuten eta suhiltzaileek A-1 errepidea moztu behar izan zuten, Gasteizerako noranzkoan.
Goizaldean lortu dute sutea kontrolatzea eta ondorengo orduetan zaintza lanetan aritu da suhiltzaile talde bat.