Gizartea -
Koronabirusa
26 pertsona salatu dituzte festetan, Bilbo, Basauri, Busturia eta Irunen
Zazpi pertsona jai giroan harrapatu dituzte Txurdinaga auzoko etxebizitza batean, eta beste sei gauza bera egiten ari ziren Irungo hotel bateko logela batean.
EiTB Media | Agentziak
Zazpi pertsona salatu dituzte goizaldean, Bilboko Txurdinaga auzoko etxebizitza batean jai giroan harrapatu ondoren. Era berean, beste sei pertsona gauza bera egiten ari ziren Irungo (Gipuzkoa) hotel bateko logela batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Guztira, Ertzaintzak 26 pertsona salatu ditu goizaldean, Bilbon, Basaurin, Busturian eta Irunen, koronabirus pandemiaren aurka borroka egiteko osasun neurri ezberdinak urratzea egotzita.
Aurreneko jaia 00:20 aldera izan da Bizkaiko hiriburuko Txurdinaga auzoan. Etxebizitza batean zazpi pertsona identifikatu eta salatu dituzte.
03:00ak aldera, bizikideak ez ziren beste bost pertsona identifikatu eta salatu dituzte Busturiako (Bizkaia) etxebizitza batean, jai giroan harrapatu ondoren.
Alkoholarekin eta musikarekin festa egiten ari ziren, eta gainera, maskarak modu desegokian erabiltzen ari ziren. 15 zigor proposamen luzatu dizkiete ertzainek.
Basaurin (Bizkaia), zortzi pertsonako talde bat harrapatu dute taberna baten inguruan 05:45 aldera. Arrazoi justifikaturik gabe kalean egoteagatik salatu dituzte. Partikularrek Ertzaintzari abisua eman diote, kalean zarata egiten eta molestatzen ari zirelako.
Azkenik, 05:45 aldera ere, beste sei pertsona salatu dituzte hotel batean, Irunen. Hoteleko harreragileak Ertzaintzari abisua eman dio. Hotelean hiru pertsonak izena eman zuten, baina logela barruan sei harrapatu dituzte.