Gizartea -
2020ko balantzea Euskadin
38 hildako errepideetan, nahiz eta pandemiak heriotza-tasa % 25,5 murriztu
Pandemiak eta mugikortasunari ezarritako murrizketek eragin zuzena izan dute zirkulazioan, ezohiko portaera ereduekin: trafiko gutxiago, ezbehar gutxiago eta hildako gutxiago.
EiTB Media | Agentziak
Heriotza-tasak % 25,5 egin du behera Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan, 2020an, covid-19 pandemiaren ondorioz. Honenbestez, trafikoaren bilakaeran eragin zuzena izan du pandemiak. Istripuek % 28 egin dute behera, 2019ko datuekin alderatuta.
Aurreneko alarma egoera indarrean sartu zenetik urte bat pasa denean, zirkulazioaren inguruko balantzea egin du Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez.
Pandemiak eta mugikortasunari ezarritako murrizketek eragin zuzena izan dute zirkulazioan, ezohiko portaera ereduekin: trafiko gutxiago, ezbehar gutxiago eta hildako gutxiago.
Sonia Diaz de Corcuera Trafiko zuzendariak adierazi duenez, "osasun krisiak mugikortasunean izan duen eraginaren" ondorioz, 2020an 38 pertsona hil dira EAEko errepideetan, 2019an baino % 25,5 gutxiago. Era berean, istripuen kopuruak behera egin du (% 28).
Mugikortasunean, beherakadarik "handiena" apirilean gertatu zen, etxeko itxialdiarekin eta ekonomiaren hibernazio dekretuarekin, funtsezkoak ez ziren merkantzien zirkulazioa debekatu zutelako.
Mugikortasunak batez beste % 71 egin zuen behera EAEko hiru hiriburuetan. Are gehiago, egun konkretu batzuetan % 90 jaitsi zen.
Intzidentzia handiagoa izan zen autoen kasuan, eta askoz txikiagoa ibilgailu astunen kasuan; izan ere, hornidura bermatzeko, zirkulatzeko baimena zuten, gogorarazi dutenez.
Deseskalatzea maiatzaren 11n hasi eta ekainaren 19an bukatu zen. Orduan hasi zen zirkulazioa berreskuratzen; hala ere, udan "beherakada handia" gertatu zen, Espainiak Marokoko muga itxi eta itsasartea pasatzeko operazioa bertan behera utzi zuelako. Horrela, urtero Euskadi zeharkatuz Afrikatik iparraldera doan nazioarteko trafikoa nabarmen murriztu zen.
Errepideetan barneko joan-etorriak egiten ziren batez ere, erkidego mugakideen artean. Uztaila eta abuztua bitartean, ibilgailuen joan-etorria % 12 murriztu zen, aurreko urtearekin alderatuta.
Bigarren alarma egoeraren murrizketekin mugikortasuna berriro jaitsi zen, urriaren 26tik aurrera. Horrela, abenduko zubian edo Gabonetan ezohiko datuak izan ziren.
Murrizketen ondorioz, trafikoak % 18 egin zuen behera abenduan, hiriburuetan, eta % 25 ibilbide luzeetan.
2021ari dagokionez, urtarrilean 2020an baino % 19 joan-etorri gutxiago izan dira, eta otsailean % 23 gutxiago.
Hala ere, martxoan, eta konkretuki, udalerrien itxialdia bukatu zenetik, mugikortasuna gora egiten ari da Euskal Autonomia Erkidegoan.