Gizartea -
ARRAZAKERIAREN KONTRA
Migratzaileen babesgabetasuna salatuko du Arrazakeriaren aurkako XXIV. Martxak
Aurtengo edizioa igande honetan (martxoak 21), Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko Egunean, izango da, Pasaia eta Donostia artean, eta 68 kolektiboren babesa jaso du.
EITB MEDIA
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako XXIV. Martxa Pasaiatik abiatu eta Donostian amaituko da, igandean, martxoaren 21ean, Arrazakeriaren kontrako Nazioarteko Egunean. Martxak "paperik gabeko migratzaileen babesgabetasun egoera" salatuko du. Guztira, 68 kolektibok eta erakundek babestu dute mobilizazioa.
SOS Arrazakeriak, Medicus Mundi Gipuzkoak eta Euskadiko GGKEen Koordinakundeak prentsaurrekoan azaldu dutenez, deialdiak "egungo egoera pandemikoan eskatzen diren segurtasun neurri guztiak errespetatuko ditu".
Aurtengo edizioak 68 kolektiboren babesa jaso du, antolatzaileen arabera. 'Zure papera garrantzitsua da' iazko leloa berreskuratu dute aurtengo kanpainarako, "paperik ez duten migratzaileek bizi duten babesgabetasun egoera eta egoera horri buelta emateko herritarren mobilizazioaren beharra salatzeko".
Gogorarazi dutenez, "pertsona guztiak, euren egoera administratiboa dena delakoa izanda ere, eskubideen subjektu dira" eta "irregulartasun administratiboa, herrialdean bizitzeko baimenik gabe bizitzea, ez da delitua".
Gainera, erakunde antolatzaileek Atzerritarren Legea kritikatu dute, "desberdintasun iturri" dela uste baitute. "Bultzatzen diren integrazio politikek kontuan hartu behar dute milaka pertsona egoera administratibo irregularrean daudela, eta, beraz, lehen urrats gisa, erregularizazioa erraztu behar dela", adierazi dute.
Bestalde, pandemiak "irregulartasuna areagotzea" ekarri duela deitoratu dute, "lanpostu kopuru handia galdu delako eta horrek lan baimen asko berritzea eragozten duelako". Hori dela eta, "erregularizazio prozesu bat" eskatu dute, "Atzerritarren Legean jasotako desberdintasunekin amaitzen den bitartean".