Gizartea -
Ume baten heriotza Donostian
Donostiako mutikoa labana istripuz sartuta hil zela esan du aitak
Gertakariaren unean larrialdi zerbitzuetara deitu ez zuela eta egunotan borda batean ezkutatuta egon dela onartu du. Epaileak behin-behinean aske uztea erabaki du.
Erredakzioa
Donostiako etxebizitza batean labana zauriekin hilda agertutako 13 urteko mutilaren aita Donostiako epaitegira eraman dute gaur goizean eta, epailearen aurrean azaldu duenez, umeak labana istripuz sartu zuen. Era berean, onartu egin du abisurik eman gabe ihes egin zuela eta ezkutatuta egon dela.
Goiz guztia Donostiako epaitegian deklaratzen igaro eta gero, epaileak behin-behinean aske utzi du, baina astean bi aldiz epaitegira jo beharko du sinatzera.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, biktimaren aitak esan du semea altzari baten gainera igo zela objektu bat hartzeko asmoarekin, baina bat-batean erori eta labana sartu zuela. Ezbeharra gertatu zenean larrialdi zerbitzuetara deitu ez zuela onartu du eta desagertuta egon den aste osoan Igeldo eta Usurbil artean kokatuta dagoen borda batean ezkutatuta egon dela azaldu du. Gauzak horrela, aitaren testigantzak kolokan jarri du Ertzaintzaren bertsioa, izan ere, autopsia egin ostean umeak bere buruaz beste egin zuela ondorioztatu zuten.
Gertakariak
Mutikoaren gorpua joan den abenduaren 1ean topatu zuten. Labana bat, odol arrastoak eta beste pertsona baten markak antzeman zituzten eraikinean eta horrek hilketaren hipotesiari heltzea ekarri zuen, eta, aita agertzen ez zela ikusita, susmagarri bilakatu zen.
Ikerketak aurrera egin hala, hilketaren hipotesia baztertu eta umeak bere buruaz beste egin zuela baieztatu zuten adituek egindako frogek. Alabaina, aitak desagertuta jarraitu zuen, joan den asteazken gauean atxilotu zuten arte.
Antza, beste senide batek utzitako etxe batean bizi ohi da eta asteazkenean bertara bueltatu zen, astebeteren ostean. Laguntzeko betebeharra ez betetzea leporatuta atxilotu zuten. Ertzaintzaren ikerketak dio semea hil zenean aita berarekin egon zela.