Gizartea -
irisgarritasuna
Irisgarritasuna hobetzeko sistemak ezarriko ditu Metro Bilbaok
Proiektua uztailerako prest egotea espero da.
eitb media
Sistema informatiko berria ezartzeko lanean ari da Metro Bilbao, ONCErekin batera. Salmenta- eta balioztatze-makinetan soinuak eta braillean idatzitako panelak ipiniko dituzte, ikusgaitasun eta entzungaitasun murriztuak dituzten pertsonei bidaia errazteko.
Metroko 1 eta 2 lineetako salmenta- eta balioztatze-makinetan uztailerako prest egotea espero da. 375.300 euroko gastua izango du egitasmoak, eta 430 balioztatze-makina eta 73 salmenta-makina eguneratuko dituzte, guztira.
Berrikuntzetako batek balioztatze-makinetan soinu-alerta txertatzea du helburu, Barik txarteleko saldoa 2 eurokoa edo gutxiagokoa denean aktibatuko dena. Ikusgaitasun murriztuko bezeroek diru-zorroaren birkargatzea planifikatu ahal izango dute horrela, bidaiatzeko saldorik gabe ez gelditzeko. Soinu berri hau Barik txartel guztiei jarriko diete, neurria erabiltzaile guztientzat izan daitekeelako baliagarria.
Salmenta-makinei dagokienez, metroak pantailaren izkinetan braillean idatzitako panelak kokatzeko asmoa ere aurreratu du, makinetako erosketa-prozesuaren diseinua hobetzeko. Lau botoi handi izango dituzte, erabiltzaileak operazioa hautatu dezan. Era autonomoan jarduteko gai izango da horrela, ikusgaitasun gutxituko pertsonek eraman ohi duten aginte baten bitartez aktibatuko den soinuari esker.
Bestalde, entzungaitasun gutxituko pertsonei erosketa erraztuko dien sistema ere ezarriko dute, automatikoki aktibatu eta erabiltzailearen audifonoari egokituko zaiona.