Gizartea -
HONDAKINEN KUDEAKETA
Hondakin organikoen bilketa % 181 igo da azken hamarkadan Nafarroan
Datu horien arabera, Foru Erkidegoa Espainiako Estatuko lehen postuan dago. Dena dela, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak azpimarratu duenez, 'hondakinik onena sortzen ez dena da'.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nafarroan materia organikoaren bilketa % 181 hazi da azken hamarkadan, eta Foru Erkidegoa Espainiako Estatuko lehen postuan dago.
Gaikako bilketari dagokionez, materia organikoa da lehen partea, eta paper eta kartoi eta ontzi arin eta beiraren bilketari dagokionez, Nafarroa lehen postuetan dago.
Hauek dira, astearte honetan, Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Raul Salanueva Hondakinen Ataleko buruak aurkeztutako 2019ko eta 2020ko emaitzen aurrerapenaren daturik esanguratsuenak. Kontseilariak azpimarratu duenez, baina, "hondakinik onena sortzen ez dena da", eta "errespetuzko ohiturak eta kontsumo arduratsua" eskatu ditu.
Datuok etxeko hondakinen eta merkataritzako hondakinen emaitzei dagozkie. Hondakin horien bolumena, guztira, 28.000 tonakoa izan da 2020an, 2019koaren oso antzekoa. 2010. urteko datuekin alderatuz gero, (Nafarroako Hondakinen 2017-2027 aldirako Planaren erreferentzia-data) % 3 txikiagoa da.
Gaikako zabor-bilketan, nabarmentzekoa da materia organikoak izan duen bilakaera: 2010ean, 11.105 tona bildu ziren, eta 2020an, berriz, 30.658; beraz, hamar urtean % 181eko hazkundea izan du. Horrela, gaikako bilketaren zatirik handiena da, eta horren hedapena Foru Komunitateko biztanleriaren % 85era iristen da dagoeneko.
Aurreikuspenen arabera, 2021ean hedatuko da guztiz, Erriberako Mankomunitatean ere ezarriko dela iragarri baitute.
Nabarmentzekoa den beste emaitza bat berrerabili eta birziklatzera bideratu diren hondakinen kopuruaren bilakaera da. 2020an, Nafarroan bildutako hondakin guztien % 47 izan dira, BJPk eta Europako Zuzentarauak ezarritako % 50eko helburutik oso gertu.
Kopuru horren hazkundea 2017an hasi zen, BJP abian jarri zenean. Horrek baieztatu egiten du hondakin horien kudeaketa egokiak bilakaera positiboa izan duela. Aurreikuspenen arabera, 2027an % 75ekoa izan beharko duela.