Gizartea -
ESPETXE ZIGORRA
Lau urteko espetxe zigorra kontulari zen enpresatik 652.000 euro lapurtzeagatik
Akusatuak lan egiten zuen enpresako kontuak eta bere nomina faltsutu zituen 24 urtez. Bizkaiko Auzitegiak agiri-faltsutze delitu jarraitua eta bidegabeko jabetzea egotzi dizkio.
O.P. | EITB MEDIA
Bizkaiko Auzitegiak lau urteko kartzela-zigorra ezarri dio lan egiten zuen enpresaren kontabilitatea faltsutu zuen gizonari. Akusatuak 24 urtez egin zuen lan enpresa horretan finantza eta kontabilitate arduradun gisa, erretiroa hartu arte, eta urte horietan zehar 652.000 euro lapurtu zituen.
Gaur argitara eman den ebazpenaren arabera, enpresak banketxeetara bidalitako transferentzia aginduen baten bidez ordaintzen zituen langileen nominak, akusatuaren barne. Akusatua zen, hain zuzen ere, nominak ordaintzeko agindu horiek emateaz eta enpresaren kontu-liburuetan zegozkion idazpenak egiteaz arduratzen zena.
Frogatu ahal izan denez, akusatuak hainbat trikimailu erabiltzen zituen, hala nola nominak ordaintzeko aginduak hainbat erakundetara bidaltzea edo agindu horiek nomina igoera faltsu bat jasotzen zuen artxibo batekin bidaltzea. Banketxeak ez zuen engainuaren berri, eta, horrenbestez, transferentziak ohi bezala egiten zituen.
Amarru honekin, 1993tik 2017ko azarora bitartean 651.876 euro bereganatu zituen akusatuak bere ondare pertsonalerako.
Deskubritu ez zezaten, enpresaren liburuetan iruzurrez lortutako zenbatekoekin bat zetozen zifrak apuntatzen zituen, ez hala merkataritza-jardueraren ohiko jarduerarekin bat zetozenak.
Epaiketan, akusatuak onartu egin zuen 640.000 euro inguru hartu zituela. Ondorioz, epaiak lau urteko espetxe-zigorra ezarri dio, merkataritza-agiriak faltsutzea eta bidegabeko jabetzaren delitu jarraituengatik; gainera, 652.813 euroko kalte-ordaina eman beharko dio enpresari.