Gizartea -
eraldaketa hirigintzan
Bilboko Udalak korridore berde bihurtuko du Maria Diaz Harokoa kalea
Proiektuaren xedea kaleari egokitutako zuhaizti gehiago izatea da, baita landaretzaren eta oinezkoen arteko harmonia sortzea ere.
eitb media
Bilboko Udalak Maria Diaz Harokoa kalea eraldatuko du, korridore berde bihurtzeko, Casilda Iturrizar parkea eta Ametzola parkea lotuz Casillan zehar. Kilometro bateko luzera du kaleak, eta fatxadatik fatxadara 25 metro daude.
Korridore berde honen diseinua, eta bertan kokatzekoa den parkearena, bi oinarriren gainean egin dute: kaleari egokitutako zuhaizti gehiago izatea eta landaretzaren eta oinezkoen arteko harmonia, ikusmenaz nahiz gainerako zentzumenez gozatzeko espazio bat sortzeko.
Obrak zenbait fasetan egingo dira; hala ere, kale osoa aurrez diseinatu da, proiektuak koherentzia izateko. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, lehenengo fasean "kalearen amaierako tartea urbanizatuko da". Obraren lehenengo fase horretarako aurrekontua, alkatearen esanetan, "3.115.000 eurokoa da, eta obra gauzatzeko epea, hamalau hilabetekoa".
Bestalde, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak xehetasunak eman ditu Udalak Maria Diaz Harokoa kalerako daukan planaren inguruan. Izaera berritua eman nahi diote, baina oraingo ezaugarriak galdu gabe, bizitegi-gunea baita, tokiko merkataritzarekin. Alde horretatik, lehentasuna emango diete oinezkoei eta beheko solairuetako lokaletarako sarbideari, "ibilgailuak ahaztu gabe, bertatik igaro edo auzora sartu ahalko baitira".
Horretarako, kalea berrantolatu eta galtzadaren eremua errei bakarrera murriztuko dute. Espaloiak lau metro eta erdira zabaltzeko aukera emango du horrek, egungo hiru metroko zabaleraren aldean, eta erdiko eremu handia korridore berdea izango da. Parke lineala sortuko dute bertan, atseden hartzeko guneekin eta pasealekuekin. Era berean, umeen olgetarako gune bat egongo da erdialdeko tartean.