Gizartea -

EGURALDIA

Martxoa oso hilabete lehorra eta epela izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Euskalmeten arabera kontraste handiko hilabetea izan da: elurra egin zuen maila ertain-altuetan 18tik 20ra bitartean eta azken egunetan, ostera, bero egin du.

Bilbo. Argazkia: Jabi Sarriugarte
Bilbo
Bilbo. Argazkia: Jabi Sarriugarte

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaitu berri den martxoa hilabete oso lehorra eta beroa izan da Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskalmetek zabaldutako datuen arabera, hilabeteko azken egunean 30,5 ºC zenbatu zituzten Amoroton, mende hasieratik martxoan erregistratutako tenperaturatik altuena.

Euskal Meteorologia Agentziak nabarmendu duenez, martxoa kontraste handiko hilabetea izan da: hilaren 18tik 20ra elurra egin zuen maila ertain-altuetan eta, aldiz, hilaren amaierako egunak beroak izan ziren. Gauzak horrela, mende honetako tenperatura maximo eta minimorik altuenak gainditu omen dira.

Hilabete amaierako tenperatura altuekin alderatuta, 10ean martxoko tenperaturarik baxuenak erregistratu ziren. Zero azpitik 5,6 ºC izan zituzten Trebiñun, eta zero azpitik 6,7 ºC, berriz, Iturrietan (Agurain).

Haizeguneetan neurtutako haize boladarik handiena Untzuetan (Orozko) neurtu zuten, 100 km/h-koa. Haizegune ez direnetan, berriz, Paganosen jo du gogorren haizeak. 100 km/h-ko abiadura harrapatu zuen hilaren 20an.

Azkenik, hilabete osoan metatutako prezipitazioa aintzat hartuta, Berastegin egin du gehien, 87 mm/m2. Egun bakarreko datuak kontuan izanda, ostera, Bidania ageri da puntaren puntan. Hilaren 19an izan zen, eta orduan 49 mm/m2 erregistratu ziren Bidanian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Gizartea bideoak Elurra argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Udaberriko albisteak