2021/04/08
12:14
Gizartea
2021-2022 ikasturtea
Astelehenean irekiko da Euskadiko Batxilergoan aurrematrikula egiteko epea
A. 0. | EITB Media
2021-2022 ikasturterako eskabideak apirilaren 12tik 23ra bitartean egin ahal izango dira, ikastetxe publikoetan zein itunpeko ikastetxe pribatuetan, baita Hezkuntza Sailaren webgunean ere.
-
Ikasle bat. Artxiboko argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, apirilak 12, irekiko du 2021-2022 ikasturtean Batxilergoa Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publikoetan zein itunpeko ikastetxe pribatuetan egin nahi duten ikasleentzat onarpen-eskaerak aurkezteko epea.
Aurreko urteetan bezala, ikasleek bi modu izango dituzte eskabideak aurkezteko: ikastetxeetan bertan edo online, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez.
Hain zuzen ere, izen-emateak apirilaren 12tik 23ra bitartean egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez.
2021-2022 ikasturtean, guztira, 207 ikastetxe publiko eta itunpeko pribatuk eskainiko dute Batxilergoa ikasteko aukera EAEn, hiru modalitateetako batean: Artea, Zientziak edo Giza eta Gizarte Zientziak.
2020-2021 ikasturte honetan, 31.724 ikasle ari dira Batxilergoa ikasten Euskadin, aipaturiko modalitate horietakoren batean.
Hau da gogoan izan beharreko egutegia:
Apirilaren 12tik 23ra: izena emateko epea.
Maiatzak 13: onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira.
Maiatzaren 20ra arte: behin-behineko zerrendei erreklamazioa aurkezteko epea.
Maiatzak 27: onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
Ekainaren 21etik uztailaren 6ra: matrikula egiteko epea.