Gizartea -
KANPAINA SOLIDARIOA
Laguntza eskatu dute biparesia espastikoa duen neskato baten ebakuntza ordaintzeko
Eider Garciak 11 urte ditu eta ebakuntza egingo diote Bartzelonan zangoetako oreka eta mugikortasuna hobetu ahal izateko; familiak laguntza eskatu du ebakuntzaren 9000 euroko kostuari aurre egiteko.
O. P. | EITB MEDIA
Eider Garcia Elosegi Errenteriako 11 urteko neskatoa da, eta biparesia espatikoa du, zangoetako oreka eta mugikortasuna eragozten dion gaitza. Datorren maiatzaren 4an ebakuntza egingo diote Bartzelonan Eiderri, eta horretan jarriak dituzte orain itxaropen eta ilusioak. Ebakuntza 9000 euro kostako zaio, ordea, familiari eta gastu horiei eta ebakuntza osteko tratamenduari aurre egin ahal izateko laguntza eskatu du familiak.
Juneren Hegoak elkartetik azaldu dutenez, jaio eta 13 egunera ebakuntza egin zioten bihotzeko gaixotasun batengatik, eta oxigeno horniduran arazo baten ondorioz garun-paralisia izan zuen, zangoei erasan ziena batez ere. Biparesia espatikoa diagnostikatu zioten orduan, giharrak biltzen dituen mintzari, fasziari eragiten diona, eta hanketako giharren mugikortasuna eragozten dio horrek. Sei hilabetez Gurutzetako Ospitalean (Bizkia) ingresatuta egon eta "hil ala biziko egoeran" behin baino gehiagotan egon zen arren, gaur egun, terapiei esker, hazi egin daiteke eta, zailtasunek uzten dioten heinean, ahalik eta bizitza autonomoena eraman dezake.
Ebakuntza honen bitartez "faszian ebaketa batzuk egingo zaizkio, eta giharrak apur bat askatu ahal izango dira hala. Gure alabak ibiltzeko, korrika egiteko eta eskailerak igotzeko modua hobetu ahal izango ditu horrela", azaldu dute Mario eta Arantxak, Eiderren gurasoek.
Ondoren errehabilitazio "oso gogorra egin beharko du, eta fisioterapia tratamendu "oso garestiak" berriro ere oinez "ikasteko". Noski, kostu horri ere aurre egin beharko dio familiak. Horrengatik guztiagatik, ebakuntza eta ondorengo tratamenduei aurre egin ahal izateko jendearen laguntza eskatu dute.
Laboral Kutxako kontu korronte bat (ES71 3035 0011 2601 1013 5094) jarri dute ekarpenak egin nahi dituztenen eskura, baita telefono bat ere, 666494139, Bizum bidez dirua bidali ahal izateko. Familiari babesa eta laguntza ematen dion Juneren Hegoak elkarteak kanpainarekin bat egin eta Eiderri eta familiari laguntzera animatu ditu herritarrak.