Gizartea -

Araba

Logroñon jipoi baten ondorioz hildako Oiongo bizilaguna ausaz aukeratu zuten

Zigarro bat emateari uko egiteagatik jipoitu eta hil zuten erasotzaileek biktima.

Ikerketaren ondorioak azaltzeko prentsaurrekoa. Argazkia: EFE.
Ikerketaren ondorioak azaltzeko prentsaurrekoa
Ikerketaren ondorioak azaltzeko prentsaurrekoa. Argazkia: EFE.

N. B. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Apirilaren 6an Logroñoko Ebro parkean hil zuten 34 urteko gizona, Oiongo bizilaguna, ausaz aukeratu zuten, eta sei gaztek (horietako bi adingabeak) jipoitu zuten. 

Hori da, hain zuzen ere, Polizia Nazionalak Errioxan egindako ikerketaren ondorioetako bat, eta, ondorioz, 14 eta 25 urte bitarteko sei pertsona atxilotu dituzte, lau gizon eta bi emakume, hilketaren ustezko egile gisa.

Biktimak jasan zuen "doako indarkeriak harritu gaitu"; erasotzaileek biktima babesik gabe zegoela aprobetxatu zuten, "konorterik gabe" zegoelako, eta "haren bila itzuli ziren errematatzera", adierazi du Eduardo Esteban Polizia Judizialaren Brigada Probintzialeko buruak.

Poliziaren ikerketaren arabera, atxilotuek ez zuten objektu sendorik erabili, eta guztiek parte hartu zuten: "Batzuek jipoitu egin zuten, eta beste batzuek, animatu eta txalotu".

Halaber, biktima hautatzeko arrazakeriarik ez zela izan esan du, eta ausaz aukeratu zutela. "Mutil hori hautatu zen, baina beste edozein izan zitekeen", biktimak ez baitzituen erasotzaileak ezagutzen.

Gertaera hilaren 6an izan zen, 23:15 aldera, biktima Logroñoko alde zaharreko Revellingo aparkalekuan zegoela. Bertan, sei gazterekin egin zuen topo, eta zigarro bat eskatu zioten, baina ez zien eman nahi izan, eta eztabaidan hasi ziren.

Horren ondorioz, "taldeak eraso bortitza egin zion biktimari, buruan ukabilkadak eta gorputz osoan ostikadak emanez", eta konorterik gabe lurrean botata utzi zuten.

Handik gutxira, gizona botata utzi zuten tokira itzuli ziren, biktimari txamarra, diru-zorroa, telefono mugikorra eta bizikleta lapurtzera, "baina, aurretik, ostikoak eta ukabilkadak eman zizkioten berriro gorputz osoan, eta bertan utzi zuten", Estebanen arabera.

Hurrengo eguneko 07:30 aldera, txakurra paseatzen ari zen bizilagun batek lurrean etzanda aurkitu zuen biktima, konorterik gabe, buruan eta eskuetan odol ugari zuela. Logroñoko San Pedro ospitalera eraman zuten, egoera kritikoan, eta han hil zen.

Hilaren 6an bertan, Polizia Nazionalak egileen taldea identifikatu zuen, zer gertatu zen jakin gabe, eta horietako bat, 22 urtekoa, obra-etxola batean indarrez lapurtzea egotzita atxilotu zuten, "hilketa bortitza egin eta ordu erdira, inolako damurik gabe".

Gazteak –Polizia-aurrekariak dituzte guztiek– hilaren 9a eta 11 bitartean atxilotu zituzten; hilaren 12an, epaileak lau adinez nagusiak espetxean sartzeko agindua eman zuen, eta adingabeen fiskalak, bi adingabeak erregimen itxiko erreforma-zentro batean sartzekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Oion Erailketak Errioxa