Gizartea -
Laneko osasuna
Grafenoz egindako musukoak erretiratzea agindu du Eusko Jaurlaritzak
Maskara horiek osasun arloko langileek, irakasleek eta ertzainek erabiltzen dituzte, besteak beste. Osasun agintariek ebatziko dute toxikoak diren ala ez.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Eusko Jaurlaritzak grafenoz egindako musukoak erretiratzeko agindua eman du, toxikoak izan daitezkeela eta biriketan arazoak eragin ditzakeela zabaldu eta gero. Maskara horiek zerbitzu publikoetako kolektibo ezberdinen artean banatu dira eta, besteak beste, osasun arloko langileei, irakasleei eta ertzainei eman zaizkie.
Eusko Jaurlaritzak zehaztu du "prebentzioko" neurria dela eta erabaki definitiboa osasun erakundeen ebazpena ezagutu ostean hartuko dutela.
Osakidetzak EFE agentziari baieztatu dioenez, grafenozko musukoak "ez erabiltzeko eta ez banatzeko" agindua eman dute.
Kanadako osasun agintariek ohartarazi zuten maskara horiek osasunarentzat kaltegarriak izan daitezkeela eta Espainiako Osasun Ministerioaren Kudeaketarako Institutuak erretiratzeko deia egin du.
Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziak ikerketa bat egingo du, toxikoak diren ala ez baieztatzeko, eta ondoren hartuko dute behin betiko erabakia.
Eusko Jaurlaritzak erretiratu dituen musukoak bi motatakoak dira: IIR kirurgikoa eta Healfiber FFP2. Biak Shandong Shengquan enpresak ekoizten ditu. Lehendabizikoa Amevisa konpainiak banatzen du eta bigarrena Iturri enpresak.