Gizartea -
MUGIKORTASUNA
Renfek plan alternatibo bat jarri du martxan Hernani eta Pasaia artean, astebururako
Iztuetako zubibidea eraisteko lanen ondorioz martxan jarritako planak eragina izango du aldiriko, distantzia ertaineko eta distantzia luzeko trenetan.
EITB MEDIA
Renfek Garraio Plan Alternatiboa ezarriko du asteburuan Hernani eta Pasaia artean, bi noranzkoetan, Iztuetako zubibidea eraisteko Donostiako Udala egiten ari den lanen ondorioz.
Distantzia ertaineko eta aldiriko trenen kasuan, hilaren 17an (larunbata) eta 18an (igandea) autobus bidezko zerbitzua eskainiko da Hernani, Martutene, Loiola, Donostia, Ategorrieta, Intxaurrondo, Herrera eta Pasaia artean. Autobusek "Renfe" izango dute jarrita, eta geltokietatik gertuko hiri autobusen geltokietan egingo dituzte geldialdiak.
Aldirietako nukleoaren gainerako zatian atzerapen arinak espero dira tren aldaketen ondorioz.
Distantzia luzeko trenak
Irun abiapuntu eta helmuga duten distantzia luzeko trenetako bidaiariek ere autobusez egingo dute bidaiaren zati bat.
Madril Chamartin lineako bidaiariek hilaren 17an eta 18an autobusez egingo dute Tolosa eta Irun arteko tartea, bi noranzkoetan. Coruña eta Vigo lineetako bidaiariek autobusez egingo dute Gasteiz eta Irun arteko tartea, bi noranzkoetan.
Bartzelonara doan treneko bidaiariek autobusez egingo dute Irun eta Iruñea arteko tartea hilaren 17an eta 19an, baina 18an Donostia eta Iruñea arteko tartea egingo dute autobusez. Bartzelonatik Iruñera datorren treneko bidaiariek Iruñea eta Irun arteko tartea autobusez egingo dute hiru egunetan.