Gizartea -
APIRILAK 26
Bilbok "Bagara" kanpaina abiarazi du, Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunaren alde
Kanpainak emakume lesbianek kultura munduan edo hedabideetan duten edo ez duten lekuari buruz hausnarketa egiteko gonbidapena egiten du.
EITB MEDIA
Apirilaren 26a Ikusgarritasun Lesbikoaren Eguna dela eta, Bilboko Udalak "Bagara" kanpaina abiatu du. Kanpainaren helburua emakume lesbianek kultura munduan edo hedabideetan duten edo ez duten lekuari buruz hausnarketa egiteko gonbidapena egitea da.
Nekane Alonso Udaleko Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "lesbianen agerikotasuna hobeto dabil beren inguruetan edo gertuko jende taldeetan, ezen ez espazio publikoan, hau da, kalean, lanean edo hedabideetan, zeren eta hor, oraindik ere, ezkutatu egiten baita".
Webgunean eta sare sozialetan nahiz euskarri fisikoetan eta hiri-altzarietan ikusi ahalko den kanpainaz gain, Udalak online mintegi bat antolatu du, "Ikusezinetik agerira" izenekoa, "gogoeta eta ezagutza eragiteko, emakume lesbianak edozein gizarte-esparrutan erreferente izango diren gizarte baten alde".
Jardunaldia udal webgunean ikusi ahalko da, apirilaren 26an, 12:00etan, eta LGTBIQ+ politiketan adituak diren bi emakume izango dira bertan.
Beatriz Gimeno Emakumeen Institutuko zuzendari ohiak "Lesbianen posizioa sistema patriarkalean" hitzaldia emango du, eta Irantzu Varela kazetari eta "Él nunca me pegó" dokumentalaren zuzendariak, "Sexu ikusezina: lesbianismoa joera isildu moduan" hitzaldia.