Publizitatea
Itxi

2021/04/20

16:40

Gizartea

Janssen txertoa

Janssen txertoa erabiltzeko gomendioa berretsi du Sendagaien Europako Agentziak

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Agentziak ebatzi du tronbosi kasuak txertaketarekin lotuta egon daitezkeela, baina kasu "ezohikoak" direla ziurtatu du eta, beraz, txertoa segurua eta eraginkorra dela baieztatu du.

1:31
Janssenen txertoa. Irudia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Sendagaien Europako Agentziak ebatzi du Janssen txertoa eta Ameriketako Estatu Batuetan atzemandako tronbosi kasuak lotuta egon daitezkeela, baina albo-ondorio ezohikoak direla ziurtatu du, txertoa segurua eta eraginkorra dela berretsita.

Horrela, bada, Janssen txertoaren fitxa teknikoan tronbosi bat pairatzea "albo-ondorio ezohikoa" izan daitekeela ohartaraziko dute aurrerantzean. Ondorio berera iritsi ziren duela bi aste AstraZenecaren txertoaren harira egindako ikerketan.

Hala ere, Emer Cooke Sendagaien Europako Agentziako zuzendariak adierazi du analisiarekin jarraituko dutela eta, ildo berean, jakinarazi du ikerketa independente bat agindu dutela txerto ezberdinen erabilerarekin lotutako tronbosi kasuen harira.

Ameriketako Estatu Batuetan 6,8 milioi dosi jarri dituzte eta zortzi tronbosi kasu izan dira. Testuinguru horretan, txertaketa gelditzea eta Europara egin beharreko dosien bidalketa etetea erabaki zuen konpainiak.

Kasu guztiak 60 urtetik beherako pertsonengan eman ziren, txertoa hartu eta hiru asteren buruan, eta gehienak emakumezkoak dira. Hala ere, Europa Agentziak ezin izan du baieztatu adina, generoa edo historia klinikoa tronbosiak izateko arrisku-faktore izan daitezkeenik.

"Osasun arloko profesionalek eta pazienteek jakin behar dute posible dela odolbilduak gertatzea txertoa hartu eta hurrengo hiru asteetan, albo-ondorio oso arraroak badira ere", erantsi du.

Edonola ere, adituek azpimarratu dute covid-19ak ospitaleratze eta heriotza gehiago eragiten dituela tronbosiak baino. "Txertoaren onurak askoz handiagoak dira albo-ondorioak pairatzeko arriskuarekin alderatuta", berretsi dute.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Zeintzuk dira balizko tronbosi baten sintomak?

Ikerketaren emaitzak argitaratu ostean, Europar Batasuneko herrialdeen esku egongo da orain Janssen txertoarekin kanpaina abiatzea edo ez erabakitzea. Lehendabiziko dosiak joan den astean iritsi zitzaizkien, baina oraingoz denak gordeta dauzkate.

Alabaina, Stella Kyriakides Osasun komisarioak dagoeneko esan du ikerketaren emaitza argia dela eta, ondorioz, txertaketa kanpaina martxan jartzeko dei egin die Europar Batasuneko gobernuburuei.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruzagiak ere antzeko adierazpenak egin ditu eta kanpainarako "berri ona" dela azpimarratu du.

Janssen txertoa 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Adenobirus familiako birus batekin osatuta dago eta SARS-CoV-2 birusaren proteina sortzeko genea geldiarazten du.

Immunizazioa lortzeko dosi bakarra ematea nahikoa da. Hori da gainerako txertoekin alderatuta bere abantaila nagusia. Horrez gain, % 67ko eraginkortasuna dauka. Europako Batzordeak martxoaren 11n eman zuen Janssen txertoa merkaturatzeko baimena.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena