Gizartea -

TXERTAKETA IRREGULARRAK

Osasun Saila, txertaketa irregularrez: "Baliabide publikoak ezegoki erabili ziren"

Txertaketa irregularren auzia argitzeko Eusko Jaurlaritzak zabaldutako espedientearen ondorioak eman ditu gaur jakitera Sagarduik, Eusko Legebiltzarrean.

Eduardo Maiz Basurtuko Ospitaleko zuzendari ohia, Nekane Murga Osasun sailburu ohiarekin.
Eduardo Maiz eta Nekane Murga
Eduardo Maiz Basurtuko Ospitaleko zuzendari ohia, Nekane Murga Osasun sailburu ohiarekin.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak txertoen inguruan ezarritako protokoloa bete gabe, Basurtuko Hospitaleko lau goi-karguduni emandako txertoen atzean "baliabide publikoen erabilera ezegokia" dago, baina lege-hausterik ez. Ondorio hori jaso dute, besteak beste, txertaketa irregularren auzia argitzeko Eusko Jaurlaritzak zabaldutako espedientean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aletu du espedientea, gaur goizean, Gasteizko Ganberako Kontrol Saioan, eta xehetasunak eman aurretik argitu duenez, Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin "zerikusirik ez" duen pertsona batek egindako txostena da.

Legebiltzarrera eraman duten espedienteak jasotzen duenez, txertaketa irregularren auzian arduragabekeriaz jokatu zen edota disziplinazko prozedura urratu zen jakiteko, beste era bateko ikerketa bat abian jartzea beharrezkoa da.

Eduardo Maiz Basurtuko Ospitaleko zuzendaria izan zen modu irregularrean txertoa hartu zuenetako bat, eta polemika lehertu eta gutxira, bere kargutik kendu zuten. Erietxe bereko beste hiru zerbitzuburuk ere hartu zuten txertoa, Osakidetzak ezarritako protokoloa urratuz. Orduan emandako azalpenen arabera, zaharren egoitza batean "soberan geratutako dosiak" hartu zituzten, baina ez zuten hori inon erregistratuta utzi.  Horregatik, lau pertsona horien txertaketa inon jasota geratu ez zelako, espedientea zabaltzea erabaki zuen Osasun Sailak.

Polemika honetako beste protagonista Jose Luis Sabas Santa Marina Ospitaleko gerentea izan zen. Horrek ere txertoa hartu zuen, ez zegokionean, eta albistea zabaldu zenean, dimisioa eman zuen. Gaurko agerraldian, Sagarduik berretsi du berak ez zuela txertaketa horren berri, eta, beraz, ez zuela baimendu.

Oposizioaren kritikak

Oposizioko taldeek zorrotz kritikatu dituzte Sagarduik emandako azalpenak. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, gaurko Kontrol Saiora eraman den txostenak "ez du ezer argitu", eta "lehen bezala geratu gara", txertaketa irregularren inguruan gertatu zena jakin gabe. Eusko Jaurlaritzak gaiaren inguruko azalpen argiagoak eman ezean, Sagardui Legebiltzarrean "gaitzestea" eskatuko dutela esan du.

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezek ere azalpen argiagoak eskatu dizkio Osasun sailburuari, eta, beste behin, txertaketa irregularren inguruan gertatutakoa argitzeko ikerketa batzorde bat martxan jartzearen alde agertu da.

Bere aldetik, Laura Garrido PP+C's taldeko ordezkariak "autokritika" egin dezala esan dio Sagarduiri, "errua beti besteei" bota beharrean. Txertaketaren prozesua "eskasa" izaten ari dela ere adierazi du buruzagi popularrak, eta Eusko Jaurlaritzari "informazioa ezkutatzea" egotzi dio.

Azkenik, VOXeko Amaia Martinezek pandemia EAEn izaten ari den bilakaerari buruzko informazioa eskatu dio sailburuari, "neurri zorrotzak" izan arren, datuak "oso txarrak" direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Legebiltzarra Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa