Gizartea -

Koronabirusa

EBk irailetik uztailera aurreratu du herritarren % 70 txertatzeko helburua

Ursula von der Leyenek Pfizerren lantegian egin du iragarpena, helburua eskuratzeko dosi nahikoa izango delakoan.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe
Helduen %70 uztailerako txertatuta egoteko adina dosi egongo direla esan du EBk

1:16

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak irailetik uztailera aurreratu du Europar Batasuneko adin nagusiko herritarren % 70 txertatzeko helburua, dosien ekoizpenaren gorakadari esker, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Pfizerrek Belgikan duen lantegian iragarri duenez.

"Uztailerako Europar Batasuneko adin nagusiko herritarren % 70 txertatzeko nahikoa dosi edukitzea espero dugu", adierazi du Von der Leyenek prentsaurreko batean, Alexander de Croo Belgikako lehen ministroa, Albert Boula Pfizerren kontseilari ordezkaria eta Ozlem Tureci BioNTech laborategi alemaniarraren fundatzaileetako bat aldamenean zituela.

Puursen, Pfizerrek koronabirusaren aurkako txertoa ekoizteko Europan duen lantegi handienean, Von der Leyenek aitortu du Europar Batasunak "arazoak" izan zituela kanpainaren "hasieran", baina "ekoizpenaren gorakadak" aurreikuspenak irailetik uztailera aurreratzea ahalbidetzen duela.

Hala ere, helburua lortzetik urrun dago oraindik Europa, Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroaren arabera adin nagusiko europarren % 23,7k soilik jaso baitu Europako Sendagaien Agentziak (EMA) onartutako txertoen dosiren bat, eta % 8,7k, biak.

Portzentajeak asko aldatzen dira estatuen artean (% 42,3 Hungarian, % 9,3 Errumanian, % 25,3 Espainiako Estatuan, % 26,8 Belgikan…), eta urrun daude oraindik AEBko datuetatik (% 40k jaso du dosiren bat), Erresuma Batukoetatik (% 50etik gora), edo Israelgoetatik (% 60tik gora).

Baina erritmoa bizkortzen ari da Europar Batasunean; izan ere, urtarriletik martxora 100 milioi dosi banatu ziren, eta azken hiru asteetan 150 milioi, Von der Leyenen arabera.

Gainera, gogorarazi du Pfizerrek bigarren hiruhilekoan emango dizkiola EBri beste 25 milioi dosi, laugarrenean eman beharrean, 2021erako aurreikusitako 600 milioi dosien artean. 2022a eta 2023a kontuan hartuz gero, berriz, Pfizerrek 1.800 milioi dosi banatuko ditu Europan.

Horiekin batera, Janssenek beste 55 milioi emango ditu ekaina baino lehenago, EMAk baimena eman ostean.

Bestalde, Bruselak asteazkenean jakinarazi zuen EBk AstraZeneca auzitara eramango duela kontratua urratzeagatik, 300 milioi dosi eman beharrean herena emango dituelako.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa