Gizartea -

GERTAKARIA

Gizon bat atxilotu dute Errenterian, pertsona bat hiltzen saiatzea leporatuta

48 urteko gizona ostegunean atxilotu zuten, senide ohi bati labanaz zauri larria egiteagatik, eta gaur eraman dute epailearen aurrera. Biktima larri eraman zuten ospitalera.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

48 urteko gizonezko bat atxilotu zuten ostegunean Errenterian (Gipuzkoa), senidetasun-harremana izan zuen beste gizon bati labankada bat ematea eta zauri larriak eragitea egotzita.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, joan den ostegunean, 13:00ak baino lehentxeago, Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon bat zaurituta zegoela Errenteriako Beraun auzoko taberna batean, antza denez, eraso baten harira.

Inguruan zaintza-lanak egiten ari zen patruila bat bertaratu eta lokaleko terrazan eserita aurkitu zuen biktima, lepoan ebaki handi batekin eta odol ugari zeriola.

Odolgaltzea gelditzen saiatu ziren anbulantzia iritsi bitartean. Tarte horretan, gizonak baieztatu zien senide ohi bat hurbildu zitzaiola eta labankada bat eman ziola lepoan. Zauritua ospitalera eraman zuten, larri.

Ondoren, erasoaren ustezko egilea aurkitu eta atxilotu egin zuen Ertzaintzak, giza hilketa saiakera egotzita. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten eta gaur goizean jarri dute epailearen esku.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Errenteria Albisteak Erailketak