Gizartea -
BERDINTASUNA
Emakume lesbianen ikusgarritasunaren alde lanean jarraitzera deitu du Berdinduk
Ikusgarritasun lesbikoaren egunean, Eusko Jaurlaritzaren sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazio-zerbitzuak ohartarazi du ikusezintasuna "indarkeria mota bat gehiago" dela.
O.P. | EITB MEDIA
Berdindu, Eusko Jaurlaritzaren sexu- eta genero-aniztasunaren inguruko gaietarako informazio-zerbitzuak, Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunean aldarrikatu du emakume lesbianen ikusezintasun egoerari buelta emateko lanean jarraitzea, eta haien ikusgaitasuna sustatzen duten politika publikoak ezartzea beharrezkoa dela "batez ere, maskulinoa den LGTBI+ irudimenetik haratago doazenak".
Salatzen dutenez, emakume lesbianak "ikusezinak dira gure jendarteko hainbat esparrutan; esaterako: eskolan, familian, lanean edo kalean". Ikusezintasun hori, gainera, are nabariagoa da komunitate lesbikoaren barruko kolektibo jakinetan, "lesbiana nagusiak, migratuak edo asilo-eskatzaileak" kasu
Ikusezintasuna "beste indarkeria mota bat" dela ohartarazi dute, "emakumeei sexualitate aske eta autonomoa ukatzen jarraitzen duen gizarte patriarkal batean". Era berean uste dute "hainbeste emakume lesbianaren existentziarik eza edo ikusezintasuna gaitzestea" sistemak gizartean "sexu- eta genero-aniztasuna ukatzen jarraitzeko baliatzen duen mekanismoa" dela.
Horregatik guztiagatik, gizarteak bere osotasunean "diskriminazio eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzeko" duen ardura aldarrikatu du eta dei egin diete "pertsona, elkarte, kolektibo, erakunde eta organismo guztiei", bat egin dezatela "emakume lesbianek euren ikusgaitasuna nola bizi nahi duten askatasunez erabaki ahal izateko baldintza egokiak sortzeko" helburuarekin eta lanarekin.