Gizartea -

KORONABIRUSA

Osakidetzak 100.000tik gora pertsona txertatuko ditu 7 egunean

Jasotako 120 000 dosi berriei esker, 70 eta 79 urte bitarteko pertsona guztiek lehen dosia jasoko dute, eta 65 eta 69 urte bitartekoen artean bizkortu egingo da txertaketa.

Txertoak. Argazkia: EFE
Txertoak
Txertoak. Argazkia: EFE

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak kalkulatzen du datorren asteartera bitartean 107.000 pertsona txertatuko dituela lehen edo bigarren dosiarekin. Egunero 15 000 dosi jartzea ekarriko du horrek, orain arteko zifrarik altuena. Txertaketa hitzordu gehienak asteburuan izango dira, BEC eta Ilunbe gisako espazio handietan.

Txertaketa erritmoari bultzada emateko gakoa izan dira aste honetan iritsi diren 120.000 dosiak: Pfizerren 98.000, Modernaren 10.300, Janssenen 6800 eta AstraZenecaren 4800.

Aste honetan 30.000 txerto inguru jarri ditu dagoeneko Osakidetzak; hala, 80 eta 89 urte bitarteko pertsona guzti-guztiei jarri zaie dagoeneko lehenengo dosia.

Bestetik, 70 eta 79 urte bitartekoen % 60 txertatua dago jada lehen dosiarekin, eta maiatzaren lehen asterako denek lehen dosia behintzat jasota egotea espero da. Adin-tarte honetako % 5ek bi dosiak jaso dituzte dagoeneko. Atzotik, gainera, SMS bidez 70-79 adin tartekoek hitzordua har dezakete.

60 eta 69 urte bitarteko adin-tartean, % 38k lehen dosia jaso du eta % 5ek jaso dituzte biak. Hala ere, bultzada honi esker, 65 eta 69 urte bitartekoen txertaketa-erritmoa handitu ahal izango da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa