Gizartea -

Frantziako Estatua

Covid-19aren krisia ekainaren 30ean amaituko dela aurreikusi du Macronek

Epemuga hori jarri du azken murrizketa neurriak kentzeko. Maiatzaren 3an hasiko dira apurka-apurka mugak arintzen.

Paris. Argazkia: Efe
Paris. Argazkia: Efe
Paris. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak data jarri dio covid-19aren krisiaren amaierari: ekainaren 30a. Data horretarako azken murrizketak altxatzea espero du, datorren astean, maiatzaren 3an, arintzen hasi ostean.

Hainbat egunkaritan argitaratutako elkarrizketa batean, Macronek adierazi du Estatu osoak deseskalatzea erritmo berean egitea espero duela, nahiz eta ez baztertu mugak jartzeko aukera eremu zigortuenetan.

"Neurriak nazio mailakoak izango dira, baina osasun 'larrialdiko galgak' jarri ahal izango ditugu birusa gehiegi zabaltzen hasten bada", adierazi du presidenteak, alertarako muga 100.000 pertsonako 400ekoa izango dela jakinarazi aurretik. Tasa horrez gain, zainketa intentsiboen unitateen egoera ere aztertuko dute neurriak hartzeko.

Hauteskunde presidentzialetarako urtebete falta denean, presidentegai izango ote den argitu ez duen Macronek krisitik ateratzeko egutegi bat plazaratu nahi izan du.

Deseskalatzea maiatzaren 3an hasiko da, orduan egongo baitira irekita hezkuntza zentro guztiak (hilaren 26an hasi ziren irekitzen), eta konfinamendu perimetrala arinduko da, etxetik 10 kilometro baino urrunago joateko aukera egongo baita.

Gainera, maiatzaren 19an etxeratzeko agindua 21:00etara atzeratuko da, orain baino bi ordu beranduago arte, eta dendak, museoak, monumentuak, zineak, antzokiak, aire zabaleko kirol ekitaldiak eta terrazak irekiko dituzte.

Deseskalatzearen azkenaurreko etapa ekainaren 9an hasiko da, etxeratzeko agindua 23:00k arte atzeratuta, eta taberna eta jatetxeen barrualdeak irekiko dituzte, nahiz eta gehienez 6 pertsona egon ahalko diren mahai bakoitzean. Gainera, 5.000 pertsona elkartu ahal izango dira kultur eta kirol ekitaldi handietan.

Era berean, turistak Frantziako Estatuan sartu ahalko dira osasun pasaportearekin, telelana derrigor egiteko agindua arinduko da, eta gimnasioak, azokak eta saloiak irekiko dituzte.

Azkenean, ekainaren 30ean, bertan behera geratuko da etxeratzeko agindua, eta edukieren mugak ere kenduko dituzte establezimendu publikoetan, osasun egoerak ahalbidetzen badu.

Azken ukituak norbere burua babesteko neurriei dagozkienak izango dira, musukoari eta segurtasun distantziari dagozkionak, alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Frantzia Baiona Biarritz Maule Donibane Garazi Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Emmanuel Macron Koronabirusa Frantziako Gobernua