Gizartea -
Erikortasun estatistikak
2019ko ospitaleratzeen % 84 erietxe publikoetan egin ziren
Zirkulazio, digestio eta arnas aparatuko-gaixotasunek eragin zituzten ospitaleratze gehien EAEn.
eitb media
Ospitaleratzeen % 84 erietxe publikoetan egin ziren 2019. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), Euskal Estatistika Erakundeak (EUSTAT) jakitera eman duenez. Gainera, ospitaleratzeek % 0,4 egin zuten behera 2018ko datuekin alderatuta, eta Estatu mailan ospitaleratze guztien % 5 izan ziren.
Txostenaren arabera, erikortasun tasak ere behera egin zuen, 100.000 biztanleko 11.282 pertsona ospitaleratu baitzituzten. Beraz, ospitaleratze gehien izan zituen laugarren erkidegoa da Euskadi, Estatuko batezbestekoaren oso gainetik.
Gainera, ospitaleratu zituzten gaixo ia guztiak akutuentzako erietxeetan egin zituzten; egonaldi ertain eta luzeko sendategi eta psikiatrikoetan egindakoak, ordea, oso urriak izan ziren.
Gaixoen profilari dagokionez, ingresatutako gizonen kopurua emakumeena baino apur bat handiagoa izan zen, % 50 eta % 49, hurrenez hurren. Hala ere, ospitaleratutako emakumeen kopurua lau puntu txikiagoa izan zen, haurdunaldi eta erditzeei lotutako kasuak kontuan izan ezean.
Halaber, ingresatutako pertsonen batez besteko adina 61 urtekoa izan zen. Aldagai hori desberdina da sexuaren arabera: 61 urtekoa da gizonezkoen kasuan eta 60 urtekoa emakumezkoenean, baina 64 urtekoa da, haurdunaldiei lotutako kasuak alde batera utziz gero.
Kausa nagusiak
Zirkulazio, digestio eta arnas aparatuko gaixotasunek eragin zituzten ospitaleratze gehien, guztien ia % 40. Gainera, gizonen ehunekoa handiagoa izan zen gaitz horien kasuan.
Halaber, zirkulazio-gaixotasunengatik ingresatutako gaixoak izan ziren helduenak, batez beste 73 urte baitzituzten.