Gizartea -

Proba pilotua

Ertzaintza agenteen jarduna grabatzen hasiko da urte amaieran

Urritik aurrera, 30 bat patruilek lehen kamerak jarriko dituzte uniformeetan, Bilbon, Gasteizen eta Irunen grabatzeko.

Ertzaintzaren segurtasun-dispositiboa Gasteizen. Argazkia: EFE.
Ertzaintzaren segurtasun-dispositiboa Gasteizen
Ertzaintza urte honen amaieran hasiko da bere jarduna grabatzen

3:52

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurtengo azken hiruhilekoan, Bilboko, Gasteizko eta Irungo Ertzaintzaren 30 patruilek kamerak jarriko dituzte uniformeetan beren jarduketak grabatzeko.

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak Bizkaiko eta Arabako hiriburuetan eta Irunen (Gipuzkoa) patruilatzen duten herritarren segurtasunerako agenteek grabazio mugikorreko sistemak erabiltzeko proiektu pilotuaren xehetasunak eman ditu Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan.

Eusko Jaurlaritzak dagoeneko hasi ditu lehen kamerak kontratatzeko izapideak, eta, eta, aurreikusten denez, irailean instalatuko eta probatuko dituzte, urtearen azken lauhilekoan hasi ahal izateko proba pilotua eguneroko jardunean.

 Hamabi orduko iraupena duten bateriez hornitutako 30 kamera emango zaizkie kalean patruilatzen duten agenteei. Bi kamera ezarriko dira hiru hirietako goizeko, arratsaldeko eta gaueko patruila-txandetako bakoitzean.

Horrez gainera, Bilboren kasuan probak bikoitzak izango dira; izan ere, Bilbo Zaharreko dispositibo berezian ere erabiliko dira: 18 kamera Bilborako, 6 Gasteizerako eta 6 Irunerako.

Grabazio-kamera pertsonalez gainera, ekipamendua osatuko dute kamerak agenteen uniformeei lotzeko osagarriek, irudiak automatikoki jaisteko eta bateriak ertzain-etxeetan kargatzeko gailuek, bideo-kudeaketako sistemak eta irudiak zorroztasun eta segurtasun osoz biltegiratu eta tratatu ahal izateko software lizentziek.  

Proiektu pilotu honen kostua 106 mila eurokoa da, eta probatu eta ebaluatu ondoren, Jaurlaritzak grabazio-sistemen funtzionalitateak zehaztu, ezarri eta doitu ahal izango ditu, Legealdi honetarako ezarritako helburua betetzeko: Ertzaintzako patruila guztiek izatea integratuta grabazio-kamerak, polizia-jarduketetan ahalik eta gardentasunik handiena bermatzea, delitu-egintzen aurrean frogak hobeto aurkeztea eta agenteen segurtasuna areagotzea.  

Proiektu hau legealdi honetan Segurtasun Sailaren jarduera gidatuko duen ardatz nagusietako batean kokatzen da: prozesuen digitalizazioa eta berrikuntza teknologikoa, segurtasunaren erronkari erantzuteko tresna aurreratuak eta egokiak izateko. Ardatz horren 2021erako aurrekontua 13,2 milioi eurokoa da.

Erkorekak azaldu duenez, ekimenaren helburua "Ertzaintzaren jarduera guztien gardentasuna hobetzea da, bermeak emanez".

Bermeak, lehenik herritarrei, jakin dezaten ezin zaiela "funtsik gabeko" inputaziorik egin, adibidez, ertzainentzat beren jardunean, eta baita "segurtasun-sistema eta sistema judizialarentzat" ere; izan ere, horrela, ekarpen "oso garrantzitsuak" egin ahal izango dira prozedura batean, "froga-ondorioetarako".

Sailburuaren esanetan, grabazio horiek ez dira "bereizi gabeak" izango, eta "datuen babesa erabat errespetatuz" egingo dira, "zorroztasunez eta segurtasun osoz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bilbo Ertzaintza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Irun Albisteak