Gizartea -
Polemika
Sendi inguruneko indarkeria ala indarkeria matxista?
Osasun ministro berriak polemika handia piztu du, Roquetaseko hilketa matxista "sendi inguruneko indarkeria" kasua izan dela esan baitu.
Erredakzioa
Ana Mato Espainiako Gobernuko Osasun ministro berriak polemika handia piztu du Interneten, Roquetas de Mar herrian (Almeria) jazotako hilketa matxista "sendi inguruneko indarkeria" kasua izan dela esan baitu.
Osasun Ministerioak agiri bat kaleratu du hilketa gaitzesteko, eta horretan hiru aldiz aipatu du "sendi inguruneko indarkeria" adierazpena. Interneten polemika handia piztu da, zehatzagoak eta hedatuagoak diren beste batzuk ez erabiltzeagatik, "indarkeria matxista", "emakumeen aurkako indarkeria" edo "sexu indarkeria", kasu.
Polemika piztu eta gero, Ana Matok ukatu egin du terminologia aldatu nahi dutela: "Berdin dio izena, hilketa bat izan da eta guk zero tolerantzia daukagu emakumeen aurkako edozein ekintzarekin".
Bere aldetik, Leire Pajin Osasun ministro ohiak ohartarazi du "oso garrantzitsua" dela indarkeriari izen egokiarekin deitzea. Izan ere, hilketa asko "etxetik kanpo" gertatzen direla gogorarazi du.
Hitz egokiaren bila
Azken urteetan, asko eztabaidatu da emakumeen aurkako indarkeria aipatzeko moduaz.
1995ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) "genero indarkeria" onartu zuen, eta harrezkero gehien zabaldu den adierazpen mota izan da. Espainian indarrean dauden legeek ere hala aipatzen dute.
Nolanahi ere, askok hizkuntza aldetik okerra dela argudiatu dute, pertsonen kasuan, "genero" baino, "sexu" esatea egokiagoa baita.
"Etxeko indarkeria" gero eta gutxiago erabiltzen da, arazoa lekuan kokatzen baitu, eta ez arrazoian (emakumeei emakume direlako egiten dietela eraso).
Osasun Ministerioaren oharrak gogorarazi duenez, Ana Matok "emakumeen aurkako indarkeria" adierazpena erabili zuen karguaren zina egin zuenean.