Gizartea -
bide-segurtasuna
Motor-gidarien istripuak eta heriotzak saihesteko kanpaina indartu du Jaurlaritzak
Pertsona ezagunen arteko elkarrizketen bidez, motor-gidariak eta errepideetako erabiltzaile oro sentsibilizatu nahi dituzte. Kanpainako baliabide guztiak biltzen dituen webgunea aurkeztu dute gaur.
o.p. | eitb media
Eusko Jaurlaritzak, bide-segurtasuna sustatzeko Jar zaitez nire gurpiletan sentsibilizazio kanpainari bultzada berria eman dio, motor-gidarien istripuen tasa jaisteko helburuz. Horretarako Euskal Herriko pertsona ezagunak elkarrekin hizketan jarri dituzte, bide-segurtasunaz eta errepidean izan beharreko jarreraz hausnartu eta sentsibilizatzeko.
Hala, berriketan aritu dira Oihane Albizuri motokroseko pilotua eta Africa Baeta kazetaria, Julian Iantzi telebistako aurkezlea eta Edurne Pasaban alpinista eta Kandido Uranga aktorea eta David de Jorge sukaldaria. Errepidean gehiegizko konfiantzak dituen arriskuez, motor-gidarien kolektiboarekin lotutako estereotipoez edo istripu batek bizitza istant batean alda dezakeen moduaz egin dute berba.
Hain zuzen ere, hiru bikote horien elkarrizketak eta kanpainaren webgune berritu eta osatua aurkeztu ditu gaur Sonia Diaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak, Alfonso Ruiz eta Leire Arana motor-gidariek lagunduta.
Elkarrizketa horiez gain, bestalde, dekalogo berri bat ere prestatu du Eusko Jaurlaritzak motozikletak segurtasunez gidatzeko aholkuekin. Joan den otsailean bakarka joatean segurtasunez gidatzeko gomendioak biltzen zituena argitaratu zen, eta orain taldeko irteeretarako dekalogoa argitaratu da, eta bertan, besteak beste, azpimarratzen da eskarmenturik handiena duten pertsonek zein posiziotan joan behar duten, hobeto mugitu ahal izateko taldeak zenbaterainokoak izatea komeni den, edo komunikazioa eta mugimenduei aurrea hartzea.
Halere, kanpaina ez dago, motor-gidariei soilik zuzenduta, izan ere, errepidea seguruagoa izateko helburu horretan, ezinbestekoa da bestelako ibilgailuak gidatzen dituzten gidariak ere sentsibilizatzea. Horregatik, webgunean batzuentzako zen besteentzako aholku-sorta jaso dute, jarraibide egoki eta desegokiak zehaztuz.
Estrategiak beste hainbat ekintza ere barne hartzen ditu, horien artean zilindrada ertaineko eta txikiko motozikletak segurtasunez gidatzeko ikastaroak, motor-gidariek trebeagoak izaten ikas dezaten teoriaren eta praktikaren bidez. Aurten ikastaro horiek irailean emango dituzte Arkauten, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian.
Aurten 7 hildako dagoeneko
2019an Euskadiko errepide-sarean motorrean zihoazen 16 pertsona hil ziren eta 2020an, mugikortasun murrizketen urtea izan bazen ere, 9 lagun hil ziren moto-istripuan. 2021ean, orain arte, 7 izan dira hildakoak.
Adierazi behar da Euskadin 136.700 motor baino gehiago daudela 2019ko datuen arabera, eta 2015. urtearekin alderatuta % 14,5 gehiago dira. Ibilgailu guztiak kontuan hartuta, motorrak % 10 dira.