Gizartea -
ARABA
'Pesetrack' kanpainak pezetak bilduko ditu tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko
Autokarabana batek lurraldea zeharkatuko du antzinako txanponak eta billeteak jasotzeko, eta atxikitako establezimenduetan erabili ahalko diren erosketa txartelen truke aldatuko ditu.
EITB MEDIA
'Pesetrack' kanpainak berriro emango dio balioa pezetari datozen asteetan, txikizkako merkatari, ekoizle eta tokiko profesionalen artean kontsumoa bultzatzeko eta sektorea dinamizatzeko. Autokarabana bat lurraldeko eskualdeetan zehar ibiliko da antzinako txanponak eta billeteak jasotzeko, eta erosketa txartelen truke aldatzeko, atxikitako establezimenduetan produktuak eta zerbitzuak erosteko.
'Pesetrack' Arabadendak merkatarien elkarteak bultzatutako ekimena da, eta Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailaren eta Rural Kutxaren babesa du. Fournier Kartak eta Autocaravanas Nortek ere elkarlanean dihardute proiektua garatzen. Ekimena Espainiako Bankuan pezetak euroen truke aldatzeko epea amaitzear denean egingo dute, ekainaren 30a izango baita horretarako azken eguna.
Victor Ibáñez Arabadendak elkarteko presidenteak kanpainaren aurkezpenean jakitera eman duenez, kanpaina datorren astelehenean (maiatzak 24) hasiko da, 'Pesetrack' autokarabana abian jarrita herri hauek bisitatzeko: Maeztu, Kanpezu eta Urizaharra, Arabako Mendialdean; Agurain eta Araia, Arabako Lautadan; Oion, Guardia, Eltziego eta Bastida, Arabako Errioxan; Iruña Oka eta Erriberabeitia, Añanan; Okondo, Artziniega, Laudio, Amurrio eta Arespalditza, Aiaraldean; eta Aramaio, Legutio, Murgia, Izarra, Ondategi eta Gopegi, Gorbeialdean.
"Autokarabana hori gune mugikor bihurtuko da maiatzaren 24tik ekainaren 10era, oraindik gure etxeetan ditugun pezetak jasotzeko eta horien balioa duen erosketa txartela emateko, eurotan, kanpainari atxikitako gure eskualdeetako tokiko establezimenduetan erabili eta ekoizleen produktuak erosteko. Bonuak 2021eko irailaren 30era arte erabili ahalko dira", azaldu du.
Cristina Gonzalez bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuarena hitzetan, "tokiko merkataritza funtsezkoa da gure herri eta hirietako bizitza sozial eta ekonomikoan; izan ere, aberastasuna eta enplegua sortzen ditu, kalitatezko produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko aukera ematen du, eta, berez, bisitatzen gaituztenentzat erakargarri turistikoa da. Kanpaina honek Arabako herri txiki eta ertainetako denda, ekoizle eta profesionalen kontsumoa sustatzen du".
Kontsumitzaileek www.arabadendak.eus web orrian kontsultatu ahalko dute kanpainan izena eman duten merkatari eta profesional guztien zerrenda. Dendek, ekoizleek eta profesionalek edozein unetan egin ahalko dute bat 'Pesetrack' kanpainarekin doan.