Gizartea -
Euskara
Elhuyar eta PuntuEUS erakundeek hitzarmena sinatu dute euskara sustatzeko
Ingurune digitalean euskararen ikusgarritasuna handitzeko eta haren erabilera sustatzeko helburuarekin, Elhuyarrek itzultzaile automatikoa garatu du .eus orrialdeentzat.
EITB MEDIA
Interneten Nazioarteko Egunaren aitzakiarekin, Elhuyar eta PuntuEUS erakundeek lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Adimen artifizialaz baliatuz euskararen erabilera areagotu nahi dute Interneten. Horretarako lehenengo pausoa Elia (Elhuyaren itzultzaile automatikoa) WordPressen txertatzea izango da.
PuntuEUS Behatokiaren arabera, 2017. urtean 162.000 webgune inguru zeuden aktibo Euskadin. Horien % 16k soilik eskaintzen zituzten euskarazko edukiak. WordPressi dagokionez, mundu mailako erabilera-tasa % 40koa da. Euskadin plataforma horretan oinarritutako 65.000 webgune inguru daudela uste dute.
Ondorioz, Elia WordPressen txertatzea euskararen integraziorako pauso handia da. Elhuyarren itzultzaileak .eus domeinua duten webei itzulpen automatikoa egiteko aukera emango die plug-in baten bitartez.
Nahiz eta erakunde biek urteak daramatzaten norabide honetan lanean, oraingo honetan kanpaina berezi baten alde egin dute euskararen presentzia handiagoa izan dadin euskarri digitaletan. Gainera, itzultzailea bestelako eremuetan ere txertatuko da; ni.eus posta elektronikoaren zerbitzuan, esaterako.
Horrela azaldu du Josu Waliño Pizarro PuntuEUSeko zuzendariak: “Merkatari zein enpresa txikiek beren eskaintza sarera zabaldu behar izan dute, negozioa digitalizatuz. Prozesu horretan euskarari tokia egiten lagundu nahi du PuntuEUS Fundazioak, gure gizarteak bizi duen transformazio digitalean euskaratik eraginez”.
Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko zuzendaria ere pozik agertu da: “Oso gustura gaude PuntuEUSekin batera eremu digitalean euskara zabaltzeko aukera daukagulako, eta urtetan garatutako euskarazko hizkuntza-teknologiak horrelako helburuak lortzeko aplika daitezkeelako”.