Gizartea -
EUSTAT
Heriotzak % 12,4 hazi dira 2020an EAEn eta covidaren eraginez 3.052 pertsona hil dira
Orotara, 24.237 pertsona hil dira eta horietatik % 12,6 koronabirusak eragindakoak izan dira.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
24.237 pertsona (12.186 emakume eta 12.051 gizon) hil ziren iaz Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aurreko urtean baino % 12,4 gehiago, Eustat euskal estatistika erakundeak gaur jakinarazitako behin-behineko datuen arabera.
3.052 heriotza covid-19ak eragin zituen, hau da, heriotza guztien % 12,6. Horietatik 2.738 egiaztatutako covid kasuak ziren, eta 314, proba bidez egiaztatu gabekoak baina koronabirusa heriotza kausa nagusi izan zutenak. Heriotza gehienak (% 74,5) ospitaleetan gertatu ziren, eta % 21,3, berriz, egoitza soziosanitarioetan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, heriotzen kopurua % 19,3 hazi zen Araban, % 12,7 Gipuzkoan eta % 10,7 Bizkaian. Araban, 3.264 pertsona hil ziren (584, covid-19agatik); Gipuzkoan, 7.736 (horietako 866, covid-19agatik); eta Bizkaian, 3.237 (1.602, covid-19agatik).
Iaz izandako heriotzen artean, urtebetetik beherako haurrak 39 izan ziren (aurreko urtean 43 hil ziren), eta 100 urtetik gorako 332 pertsona hil ziren (2019an baino 26 gehiago).
Horrela, 2020ko behin-behineko datuak aintzat hartuta, EAEko hazkunde begetatiboa negatiboa izan zen berriro, heriotzak jaiotzak baino 9.516 gehiago izan baitziren. Bizkaiak 5.933 biztanle galdu zituen, Gipuzkoak 2.716 eta Arabak 867.