Gizartea -

Bizkaia

Karrantzarrak: "Bilbora trenez joan gaitezke, baina biharamunera arte ezin itzuli"

Radio Euskadi Enkarterrietako herri horretan izan da tren zerbitzuaren gabeziak ezagutzeko. Alkatearen esanetan, "biztanleria galtzera kondenatuta gaude".

Karrantzako tren geltokian elkarrizketatukoak. Argazkia: EITB MEDIA
Karrantzako tren geltokian elkarrizketatukoak
Karrantzako tren geltokian elkarrizketatukoak. Argazkia: EITB MEDIA

O.V. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iazko martxoaren 22an Bilbo-Santander tren zerbitzua mugatzea erabaki zuen Renfe-FEVEk. Erabakiak zuzenean eragin zien Karrantzako bizilagunei, Bizkaiko hiriburura joateko aukerak zailduz. Izan ere, Bilbora tren bakarra dago egunean, eta trenez bueltatu nahi izatekotan, biharamunera arte itxaron behar dute.  Autoz ordubeteko bidaia dago, eta autobusa hartuz gero, bi ordukoa.

Radio Euskadiren "Boulevard Informatibo" saioa Karrantzako herritarrekin izan da goizean, eta euren "isolamendua"ren lekuko izan da. Raul Palacios Karrantzako alkateak azaldu duenez, "pandemia lehertu baino lehen hiru tren genituen egunero, oso zerbitzu kaskarra zen, eta ez genuen uste okerrera egin zezakeenik. Baina, orain, koronabirusaren aitzakia tarteko, tren bakarra dugu. Trenez joan gaitezke Bilbora, baina biharamunera arte ezin gara itzuli, bueltako trena goizean delako".

Alkatearen esanetan, egoera "eramangaitza" da, eta ohartarazi du "biztanleria galtzera kondenatuta" daudela. "Hustutako udalerriak ere baditugu Euskadin", salatu du.

Autobus zerbitzua ere ez da askoz hobea, alkatearen arabera: "Ez dago Bilborako joateko linea zuzen bat, eta autobusez hainbat aldiz aldatu behar gara. Bi orduko bidaia da".

Palaciosek nabarmendu duenez, itxaropen bakarra "Jaurlaritzak tren zerbitzuaren kudeaketa hartzea eta hura lehenestea da".

Bestalde, Gloria Lujan Santander-Bilbo Trenaren Defentsaren aldeko Plataformako kideak salatu du tren zerbitzua "hiltzen uzten" ari direla. Duela bi hilabete bilera bat eskatu zuten, baina oraindik ez diete erantzun.

Carmen Gutierrez karrantzarrak ere pairatu du tren zerbitzuaren murrizketa. Azaldu duenez, banatuta dago eta alabetako bat Bilbon bizi da. "Pandemia baino lehen, astero joaten nintzen Bilbora, alaba ikustera, baina orain ezinezkoa da. Autoa badut, baina beldurra ematen dit bideak, hainbeste errebueltarekin", kontatu du

_______________________

Erredakzioan itzulia

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Herriak eta Hiriak Bizkaia Gizartea Bizkaibus Eguneko albisteak Erreportajeak Albisteak Renfe Garraio publikoa gaur Azken ordukoa Enkarterriri buruz