Gizartea -
Trafiko ezbeharra
32 urteko gizonezko bat hil da Iruñean auto batek harrapatuta
Zorigaiztoko gertaera Baiona etorbidean jazo da gauerdian, oinezko bat semaforoz erregulatuko zebra-bide bat zehartzen ari zenean. Gidariak ihes egin du, baina handik gutxira atxilotu dute.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
32 urteko gizonezko bat hil da bart Iruñean, Baiona etorbidean, auto batek harrapatuta, Udaltzaingoak ohar batean jakinarazi duenez. Autoaren gidariak, 26 urteko gizonezko batek, ihes egin du, baina handik gutxira atxilotu dute.
Harrapaketa 00:15ean jazo da. Aipatutako etorbidetik zihoan auto batek lanetik etxera bueltan zihoan harrapatu oinezko bat harrapatu du, Martin Azpilcueta kalearen parean, semaforoz erregulatutako zebra-bide batean. Autoak aurretik eraman du gizonezkoa, 80 metroan.
Gerora jakin denez, harrapaketan nahastutako autoa Udaltzaingoaren patruila batengatik ihesi zebilen. Nonbait, aurretik ausarkeriaz gidatzen atzeman zuten Ermitagaña auzoan.
Autoak ihes egin du, baina Udaltzaingoak handik gutxira topatu ditu gidaria eta beste lagun bat Arga ibaiaren parean, hanka egin nahian. Autoan zihoazen lau pertsonak identifikatu dituzte, eta polizia-etxera eraman.
BIDEOA | ''Hau ez da despistea izan. Hau beste mota bateko istripu bat da''
Udaltzaingoak gidaria, 26 urteko gizonezkoa, atxilotu du, eta lau delitu egotzi dizkio: zuhurtziagabekeriazko giza hilketa, alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzea, ausarkeriaz gidatzea eta istripuaren lekutik ihes egitea biktima artatu gabe. Datozen orduetan eramango dute epailearen aurrera.
Udaltzaingoaren atestatu taldeak ikerketa abiatu du harrapaketaren nondik norakoak argitzeko.