Gizartea -

Ludopatia

"Etxean dirua lapurtu bai, baina, zorionez apustuetarako krediturik ez nuen eskatu"

Kirol apustuak klik kolpe batera ditugun honetan, ludopatiaz ari da Unai Garma, bere esperientziatik abiatuta.

Unai Garma. Artxiboko argazkia
Unai Garma
Unai Garma. Artxiboko argazkia

Berezi Fernandez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere bizipena belaunaldi bereko beste edozein gazterena izan zitekeen: lagunekin hasi zen apustuan, Athleticen partidetan. Unai Garmak 24 urte ditu eta ludopata da. Duela lau urte abiatu zuen errehabilitazio prozesua, eta ordutik darama apusturik egin gabe.

Egun, irakaslea eta Ekintza Aluviz elkarteko boluntarioa da Unai. Bertan, 18 urterekin lagunarteko joko xalo gisa hasi ziren apustuek bizitza nola bihurritu zioten kontatzen die prozesu bera igaro dutenei.

Noiz hasi zinen jokoaren munduarekin harremanetan? Zertara jokatzen zenuen? Zer sentipen eragiten zizun hasieran?

Etxean, kiniela egiten nuen aitarekin, oso umetatik. Hori izan zen jokoarekin izan nuen lehen harremana. Gero, 16 edo 17 urterekin, lagunekin kirol apustuak egiten hasi nintzen. Hasieran klasean egiten genuen, Athleticek jolasten zuenean, eta beste zortzi partida konbinatzen genituen. Euro batekin hasi nintzen, betikoa. Apustu etxeren batean edo apustu makina zuen tabernaren batean sartzen ginen eta astebururako postura egiten genuen.

"Irabazteak ematen duen adrenalina sortzen dizu hasieran, kontrolpean duzula uste duzu"

Irabazteak ematen duen adrenalina sortzen dizu hasieran, kontrolpean duzula uste duzu. Bai, adrenalina da apustua egin duzula jakinda partida ikusteak sortzen duena. Lagunartean egiten genuen postura, eta asteburuan partidak ikusteko gelditzen ginen bost edo sei lagun.

Beharrizana bihurtu zen zuretzat. Noiz konturatu zinen? Zer dirurekin jokatzen zenuen?

Gutxika mundu horretan sartzen hasi nintzen, eta, 18 urte bete aurretik, egunero egiten nuen apusturen bat. 18 urte betetzen dituzunean legeak babestu egiten zaitu eta edozein lekutara sar zaitezke arazorik gabe, dena da errazagoa. Lagunekin biltzen jarraitzen nuen, baita posturak egiten ere. Gainera, futbolean jokatzen nuen, eta apustuez asko hitz egiten genuen; bazirudien horri buruz ez zekiena arraroa zela.

Apurka, lagunekin irteteari utzi eta apustu etxeetara bakarrik joaten hasi nintzen, eta astean behin joan beharrean, egunero joaten hasi nintzen. Hasieran, futboleko, saskibaloiko edo teniseko apustuak ziren, baina gero, ping-pongeko, badmintoneko edota ezagutzen ez nuen Thailandiako edozein kiroleko partidetan sartzen nintzen. Ingurukoengandik aldentzen hasi nintzen eta arratsaldeak apustu etxeetan ematen nituen, bakarrik. Irabazteak eta galtzeak sortzen duen zirrara gorabeheratsu hori eragiten zidan jokoak. Gero, ostera, damua sentitzen nuen, gehienetan galdu egiten duzulako. Lagunak galtzen hasi nintzen, eta, atzetik, inguruan nituen harreman gehienak. Nire bizia jokoa zen, ez nuen unibertsitatean pentsatzen, ezta lagunengan ere. Ezin nuen beste ezertan pentsatu.

Zorrak izaten hasi nintzen. Hasieran, gurasoek ematen zidaten diruarekin egiten nituen apustuak. Lagunekin afaltzera joan beharrean, adibidez, diru hori gorde egiten nuen. Online kontua zuen lagun bati dirua eskatzen hasi, eta lagun horrekin zorpetu nintzen. Etxean dirua lapurtu izan dut, eta, zorionez, ez nuen apustuan egiteko krediturik eskatu, aukera izan nuen arren.

Noiz eman zenien zure arazoaren berri ingurukoei? Nolako erreakzioa izan zuten?

Uda batean txarteleko diru guztia xahutu nuen. Aitak bankuko kontua begiratzeko ohitura zuen, oraindik 18 urte bainituen. Uda horretan, mugimendu arraroaz jabetu zen aita, eta azalpenak eskatu zizkidan. Egia esan nion, eta berriz ez egiteko eskatu zidan, baina hor gelditu zen elkarrizketa.

"Eguneko 24 orduak jokoari eskaintzen nizkion, ez delako bakarrik postura egitea; egun guztia jokoan pentsatzen ematen duzu"

Uda horretan jokatzeari utzi nion, eta irailean berriz ekin nion. Ordurako aita konturatuta zegoen, eta ama jakinaren gainean jarri zuen. Psikologo bat bilatu genuen errehabilitazioa hasteko, baina nik nireari ekin nion, ez nuen psikologoarekin konektatzerik lortu, eta hurrengo hiru hilabeteetan apustuan jarraitu nuen, gero eta diru gehiago osten eta zorrak handitzen. Eguneko 24 orduak jokoari eskaintzen nizkion, ez delako bakarrik postura egitea; egun guztia jokoan pentsatzen ematen duzu, sarritan, loa kentzera iritsi arte. Hilabete horietan, nire burua engainatzen jarraitu nuen, baita etxekoak ere.

Etxean itsulapiko bat geneukan, irailetik hasita dirua sartzen genuen bertan, udan oporretan joateko. Aste bukaera batean gurasoak uste baino lehenago bueltatu ziren etxera, eta amak itsulapikoan dirua falta zela ikusi zuen. Orduantxe egin zuen denak eztanda. Ama egoera bideratzeko bide berriak bilatzen hasi zen, eta Ekintza Aluviz aurkitu zuen, Barakaldon dagoen errehabilitaziorako elkartea. Bertara joaten hasi nintzen, eta psikologo espezializatu baten terapiarekin konbinatu nuen.

Ingurukoen erreakzioari dagokionez, amaren eta aitaren erantzuna aurreikusi nezakeen arren, bereziki ona izan zela esan dezaket. Uste baino gehiago lagundu zidaten, gutxiespenak beldurra ematen zidan, baina zorionekoa naizela esan dezaket, unean bertan behar nuen babesa eman zidatelako gurasoek. Askok ez dute sostengu hori. Ekintza Aluvizen hasi nintzenean, ez nuen nire burua bertan ikusten. Amak, baina, argi eta garbi esan zidan: "Unai, elkartera ez bazoaz, etxetik botako zaitugu". Joatea erabaki nuen, eta lehen talde terapia nire hogeigarren urtebetetzean egin nuen; niretzako oso egun berezia izan zen. Egunerokotik aldendu nuen jende askok zoriondu ninduen, eta horrek ustekabean harrapatu ninduen. Nik neuk baztertutako lagun horien mezuak aldatzeko pizgarria izan ziren.

Gainera, lehen terapia saioan jende asko ezagutu nuen, baita egoera konplikatu ugari ere. 40 eta 50 urte bitarteko jendea zen, dibortziatutakoak gehienak, seme-alabak ikusten ez zituztenak edota etxebizitza galdu zutenak. Bizipen horiek entzunda, errealitateaz jabetu nintzen. Ordukoa nire biziko urtebetetzerik txarrena zela pentsatu nuen; egun, ostera, badakit inoizko onena izan zela, orduan konturatu nintzelako sartzen ari nintzen mundu horren arriskuarekin. Orain Ekintza Aluvizeko boluntarioa naiz, eta gustura egiten dudan lana da.

Mugikorren eta gailu elektronikoen bidez, modu errazean eta berehala egin daitezke kirol apustuak. Zer-nolako influentzia du iristeko erraztasun horrek gazteen ludopatia kasuen gorakadan?

Klik sinple baten bitartez iristea oso erraza da. Askotan, toki fisiko batera joan behar duzuenean, atzera bota zaitzake jendeak ludopata bat zarela pentsatzeak. Egun, berriz, apustua etxetik, sofatik, ohetik, lanetik edo ikastetxetik egin dezakezu, adin txikikoa izanda ere. Nik neuk sortu nituen kontuak adin txikikoa izanda; heldu baten kontua sortzea besterik ez da behar. Erraztasun handia dago ez dagoelako inongo kontrolik.

Gizarteak ludopatia arazo larri gisa ikusten duela uste duzu? Hainbat jokabide naturalizatzeko joera al dugu? Radio Euskadiko "Más Que Palabras" saioan, Jon Anton (Ekintza Aluvizeko presidentea) jokoaren sozializazioaz aritu zen. Halakorik detektatzen al duzu zure inguruan?

Astiro bada ere, kontzientzia hartzen ari garela esan daiteke. Hala ere, ludopatia gaixotasun eta adikzio bat ez delako ustea oso hedatuta dago oraindik. Askorentzat bizio bat da, eta jendeak horrela interpretatzeak ludopataren autoestimua —dagoeneko akabatuta dagoena— murrizten du. Gizartearen gutxiespena sentitzen dugu askotan. Bada, nahitaezkoa da babes sare indartsua izatea.

"Irakaslea naiz, eta, ikastetxeetan, dirua biltzeko zozketak antolatzen direla ikusten dut. Hori jokoa da"

Jokoa ulertzeko moduari dagokionez, Euskadin erabat normalizatuta dagoela esan daiteke. Beti egin izan ditugu apustuak, geure kultura da eta praktika arrunt gisa ulertzen dugu.

Adibide bat jarriko dizut. Irakaslea naiz, eta, ikastetxeetan, dirua biltzeko zozketak antolatzen direla ikusten dut. Hori jokoa da. Aipatutako elkarrizketan Jon Antonek dioen moduan, ez gaitu harritzen seme-alabak eskolako zozketako txartelekin agertzeak. Berdin erantzungo genuke edozein drogarekin agertuz gero?

Beste alde batetik, badakit hainbat ikastetxetan zenbakiak bingora jolasten ikasten dituztela. Ikasteko modu aproposa izan daitekeen arren, ez nuke sekula erabiliko, badakidalako jokoa normalizatzeak arazo larriak ekar ditzakeela.

Negozio oso errentagarria dela jakinda —850,78 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz, 2020an online jokoaren merkatuari buruz egindako txostenaren arabera—, publizitatea eta irisgarritasuna erregulatzea posible dela uste duzu? Zer neurrik zailduko lukete menpekotasuna sortzen duen jarduera hau edozeinen esku egotea?

Gu, elkarte gisa, ez gara jokoa debekatzearen aldekoak. Jokoa gizartearen parte da. Alkoholarekin aldera daiteke: jakina da alkoholikoak daudela, baina horregatik ez da kontsumoa galarazten. Jokoarekin berdina egin beharko litzateke, erregulazioa falta da.

Duela gutxi onartu dute publizitatearen eta komunikazioen legea —13/2011 Legea, apustu etxeen publizitatea mugatzeko sortu dena—. Oker ez banago, urtebete dute kontratuak eteteko eta finantziazio bide berriak topatzeko. Oraindik epearen barruan daude; ikusteko dago legeak dioena betetzen duten. Aurrerapauso garrantzitsua da.

Apustu etxeetan zein jokoarekin zerikusia duten webguneetan sarbidea kontrolatzea ere funtsezkoa iruditzen zait. Badakit beste autonomia erkidego batzuetan sarrera kontrolatzen dutela. Hemen, ostera, bingoek eta kasinoek baino ez dute sistema hori. Elkartean ludopatei esaten diegu autodebekuak egiteko: zerrenda batean izena eman dezakezu, joko makinak dituzten negozioetan sartzen ez uzteko. Interneterako ere balio du debekuak. Hala ere, neurri horrek ez du balio sartzeko kontrolik egon ezean. Irtenbidea erraza da, izena eman behar izatea nahikoa litzateke, bingoetan eta kasinoetan egiten den bezala. Hala, autodebekua eginda duten pertsonek eta adin txikikoek ezingo lukete jokatu.

Erakundeetatik "erantzukizunez jokatu" bezalako esaldiak iristen zaizkigu askotan. Neurri eraginkorrak hartu beharrean ardura herritarron gain jartzen ari direla uste duzu?

Sektoreko enpresek diru asko mugitzen dute, botere ekonomiko handia dute, eta atentzioa desbideratzen saiatzen dira. Soluzioa, berriz, askoz errazagoa da. Legez arautu behar da joko enpresen jarduna.

Bestalde, ikastetxeetan prebentzioa egitea nahitaezkoa da. Gaur-gaurkoz ez dago prebentzio planik. Elkartetik hitzaldiak ematen ditugu batzuetan, baina egiteko asko dago oraindik. Gazteekin hasi behar da arazoari aurrea hartzen, baina argi dago askoren interesen kontra doala.

Menpekotasuna garatzen hasi den pertsona bati eta bere gertukoei zer mezu emango zenieke?

Laguntza eskatzeko pausoa emateko esango nieke. Elkarteko erabiltzaile asko derrigortuta datoz, baina egia da gero eta gazte gehiagok eskatzen dutela laguntza, bere kasa.

Jokatzen ari den pertsonak berak edota gertukoek jokabide susmagarriak —gezurrak edo dirua falta dela— nabarituz gero, laguntza eska dezatela, inoiz hartuko duten erabakirik onena izango delako. Ez da bide erraza izango, baina elkartean baditugu urte askoan jokatu gabe dauden pertsonen testigantzak. Nik neuk ere lau urte baino gehiago daramatzat jokatu barik eta oso lasai bizi naiz. Jokorik gabe bizi daiteke, baita ederki bizi ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gaiak sakonean Albisteak Osasun albisteak Kontsumoa