Gizartea -

Koronabirusa

12 eta 15 urte arteko gazteei Pfizerren txertoa ematea onartu du EMAk

Pfizerrek eta BioNTechek 2.260 neraberekin egin zituzten 3. faseko probak, eta eraginkortasuna % 100ekoa izan dela egiaztatu dute.

Gazte talde bat, Getxon. Argazkia: EiTB
Gazte talde bat, Getxon. Argazkia: EiTB
Gazte talde bat, Getxon. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Sendagaien Agentziak (EMA) oniritzia eman dio Pfizer/BioNTechen txertoa 12 eta 15 urte arteko gazteei emateari. Hala, 16 urtetik beherakoei emateko moduko covid-19aren aurkako lehenengo txertoa onartu da Europar Batasunean.

Pfizerrek eta BioNTechek 2.260 neraberekin egin zituzten 3. faseko probak, eta eraginkortasuna % 100ekoa izan dela egiaztatu dute. Erantzun immunologikoa "sendoa" izan omen da, eta "orokorrean" ez da albo-ondoriorik izan.

Marco Cavaleri Txertoen Estrategiarako buruak txalotu egin du onarpena prentsaurreko batean. "Onartuta zegoen 16 urtetik gorako gazteentzat, eta orain ditugun datuek agerian uzten dute 12 eta 15 urte artekoentzat ere segurua dela txertoa, horregatik hartu du erabakia komunitate zientifikoak".

Hala eta guztiz ere, zehaztu du estatu bakoitzak erabakiko duela erabili edo ez. "Estatu kideek erabaki beharko dute erabili ala ez, eta nola erabili", azaldu du.

Txertoak helduen ibilbide bera izango du adingabeen kasuan ere, hau da, bi dosi eman beharko dira gutxienez hiru asteko tartean.

"Datuek agerian uzten dute txertoak biziki babesten duela herritar talde hori gaixotasunarekiko segurtasuna prebenitzeari dagokionez", gaineratu du. Dena den, agentzia etengabe ari omen da eragina gainbegiratzen.

Sendagai horren ekoizpena handitu beharko dela eta, Cavalerik esan du EMA lanean ari dela ekoizpen gaitasuna handitzeko baimena emateko, eta txertoa gordetzeko baldintzak malgutzeko, txertaketa errazte aldera.

AstraZenecaren aholkuari eusten dio

Bestalde, agentziak AstraZenecaren bigarren dosia ematearen aldeko iritzia berretsi du lehenengo dosia jaso dutenentzat, ez dagoelako frogatuta bigarrenak tronbosia edukitzeko arriskua handitzen duenik.

Erakundeak azpimarratu du ikerketak daudela bigarren dosiaren eraginkortasuna frogatzen dutenak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Gazteak Industria farmazeutikoa