Gizartea -

GORROTO-DELITUAK EAE-N

Iaz EAEko 241 gorroto-delituen ia erdiek izaera arrazista edo xenofoboa izan zuten

Gaur goizean aurkeztu dute Legebiltzarrean "Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2020ko Txostena", gorroto-delituak jasotzen eta aztertzen dituena.

Bi esku elkarri lotuta. Artxiboko irudia: EITB Media
Bi esku elkarri lotuta.
Bi esku elkarri lotuta. Artxiboko irudia: EITB Media

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak astelehen honetan aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2020ko Txostena, iaz Euskal Autonomia Erkidegoan izan ziren gorroto-delituak jaso eta aztertzen dituena.

EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrako Jon Mirena Landak zuzendu eta Enara Garrok koordinatutako lanean, guztira 241 gorroto-delitu jaso dituzte.

2020an, Ertzaintzak 241 gorroto-delitu erregistratu zituen EAEn, hau da, iazko datuekin alderatuz gero, % 129,5eko "hazkunde esponentziala" izan zen. Poliziak jarrera horiek atzemateko eta erregistratzeko "eraginkortasun handiagoa" izan du, Erkorekaren hitzetan.

Sailburuak azaldu duenez, Ertzaintza gero eta hobeto dago prestatuta kolektibo zaurgarrien aurkako delitu-tipologia horri aurre egiteko, eta, horri esker, "datuak hobeto identifikatu, tratatu eta zenbatu daitezke".

Delitu horietatik gehienak, % 48,5, hain justu, arrazistak edo xenofoboak izan ziren, eta sexu-orientazioarekin eta -identitatearekin lotutakoak, berriz, % 21 dira. Dibertsitate funtzionalarekin zerikusia zuten delituak (29 kasu) guztien % 12 dira, eta oinarria ideologia eta orientazio politikoa izan zutenak (24 kasu), % 10.

gorroto delitua

Biktimaren sexuarekin zerikusia zuten gorroto-delituak (16) delitu guztien % 7 izan ziren, eta gainerakoak, berriz, aporofobiarekin (2 kasu), adinarekin (1 kasu), antisemitismoarekin (1 kasu) eta sinesmen eta praktika erlijiosoekin (1 kasu) lotutakoak izan ziren.

Guztira, 117 eraso arrazista eta xenofobo izan ziren. Kolektiborik kaltetuenak arabiarrak izan ziren, eraso horietako 29ren biktima izan baitziren, eraso arrazista edo xenofobo guztien % 25. Pertsona beltzei egindako erasoak, berriz, 24 izan ziren, (guztien % 20,5): nazionalitateak edo jatorriak eragindako 25 eraso zenbatu zituzten, latinoei egindako 17, (% 14,5), ijitoen kontrako 9 izan ziren, eta asiarren kontrako kasu bat izan zen (% 1).

gorroto-delitua arrazismoa

Sexu-orientazioaren eta -identitatearen aurkako 50 delitu zenbatu ziren. Kolektibo biktimizatuena homosexualena izan zen, horien kontrako 31 gertakari zenbatu baitzituzten, sexu-orientazioaren eta -identitatearen aurkako eraso guztien % 62; transgeneroen kasuan, berriz, 10 eraso zenbatu zituzten, guztien % 20; eta lesbianen kolektiboan, 3 kasu atzeman zituzten, guztien % 6.

sexu orientazioa

Dibertsitate funtzionalagatiko erasoak, berriz, 29 izan ziren. Iaz gorroto-delitu gehien jasan zituzten pertsonak desgaitasun mental bat zutenak izan ziren (9 kasu, dibertsitate funtzionalagatik egindako eraso guztien % 31), eta ondoren desgaitasun fisiko bat zutenak (5 kasu, % 17) eta desgaitasun psikiko bat (4 kasu, % 14) edo sentsorial bat (4 kasu, % 14) zutenak.

dibertsitate funtzionala

Delituen tipologia

Delituen tipologia nagusienei dagokienez, 2020an lesioak gailendu ziren (71 kasu, guztien % 29,5), eta ondoren mehatxuak (53 kasu, % 22). Koakzioak, berriz, 30 izan ziren (% 12,5), eta 30 kasutan (% 12,5) tratu umiliagarria izan zen.

Bestalde, gorroto-diskurtsoak (14 kasu, guztien % 6), sexu-erasoak (2 kasu, % 1) eta burutu gabeko hilketa bat nabarmendu behar dira.

Delituak, lurraldeka

Bizkaian erregistratu zituzten gorroto-delitu gehien, 128 (guztien % 53); Gipuzkoan 64 (% 26,5) erregistratu zituzten; eta Araban, berriz, 44 (% 18). Bestalde, 3 kasutan ezin izan zuten gertakariaren lekua identifikatu, eta 2 kasutan beste lurralde batean gertatu ziren (Kantabrian eta Asturiasen).

lurraldeka

Udalen banaketari dagokionez, 241 gertakarietatik 43 (guztien % 18) Bilbon gertatu ziren, 32 (% 13) Gasteizen, 19 (% 8) Barakaldon, 15 (% 6) Donostian, 10 (% 4) Irunen, eta 9 (% 4) Getxon.

Gainera, 2020an izandako gorroto-delitu gehienak (% 38,6) kalean gertatu ziren eta, kasu askotan, biktima bizi zen lekuaren inguruan. Horrek eragin psikologiko gehigarri bat du biktimetan, gertakariek senideei ere eragin diezaieke eta.

Ondoren, etxean bertan edo eremu komunetan egindako delituak daude (kasu guztien % 25). 2020an kasuen % 8 baino ez ziren gertatu ostalaritzako, aisialdiko edo antzeko lokaletan, hain zuzen ere, pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketengatik. Laugarren lekuan Internet bidez egindako gorroto-delituak daude, kasu guztien % 7,5 baitira.

Biktimen eta inputatuen profilak

Eraso horien biktimei dagokienez, 195ek (% 56) espainiar nazionalitatea zuten, eta 150 (% 77) jatorri euskaldunekoak ziren. EAEn gehienak Barakaldokoak eta Bilbokoak ziren (% 20,5), eta Donostiakoak (% 12) eta Gasteizkoak (% 8) ziren hurrengoak.

Sexuaren arabera, 2020an 143 biktima (% 41) emakumeak izan ziren eta 203 (% 59) gizonak. Biktimen batez besteko adina 28 urtekoa izan zen.

Inputatutako pertsonei dagokienez, gehienek (101, % 63,5) espainiar nazionalitatea dute. Horietako 86 (% 85) jatorriz Euskadikoak dira, eta Euskadi barruan gehienak Gasteizkoak (% 24,5), Bilbokoak (% 20) eta Barakaldokoak (% 18,5) dira.

Sexuen arabera, 2020an 44 emakume (% 27,5) eta 115 gizonezko (% 72,5) inputatu zituzten. Delitu horiengatik inputatutako pertsonen batez besteko adina, berriz, 37,3 urtekoa da. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Donostia bideoak Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE albisteak Delituak argazkiak Arrazismoa albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gasteiz Albisteak