Gizartea -

Koronabirusa

Urkulluren ustez musukoa beharrezkoa izango da "oraindik denbora luzez"

Espainiako Osasun Ministerioarentzat, berriz, "litekeena" da uztaila hasieran musukoaren erabilera malgutzea.

Jendea musukoarekin kalean. Argazkia: Efe
Jendea musukoarekin kalean. Argazkia: Efe
Jendea musukoarekin kalean. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak uste du musukoaren erabilera beharrezkoa dela "oraindik denbora luzez", bai barrualdean bai kanpoaldean. Horregatik, ez omen dute planteatu ere egin kanpoaldean erabilera malgutzea.

Lehendakariak agerraldia egin du astelehen honetan LABIren bileraren ostean, pandemiari aurre egiteko neurrien harira.

Musukoaren erabilera kanpoaldean derrigorrezkoa ez izateko aukeraren inguruan galdetuta, Urkulluk erantzun du ez dutela horri buruz "inolako gogoetarik" egin, Espainiako Osasun Ministerioaren "agindu bat" dagoelako horren inguruan.

"Nahitaez bete beharreko agindu bat dago, beraz, izatekotan, Lurralde Arteko Osasun Kontseilua izan beharko da gaia aztertu beharko duena", azaldu du lehendakariak.

Espainiako Osasun ministerioak, uztailerako

Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak gaur adierazi du "egingarria" dela ekaina erdialdean edo amaieran musukoaren erabilera malgutzea kanpoaldean, eta "litekeena" dela uztailaren hasieran erabakiren bat hartzea egoera epidemiologikoak eta txertaketak ahalbidetzen badute.

"Data zehatza beste parametro batzuekin aztertu beharra dago", azaldu du Fernando Simon Osasun Alerta eta Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak kazetariei erantzunez.

Epidemiologoak esan du balitekeela musukoa aire zabalean beharrezkoa ez izatea distantzia gorde daitekeenean, baita herritarren % 70 immunizatu baino lehenago ere. Abuztu erdialderako espero du kopuru horretara iristea.

Baina ez aire zabalean soilik: Simonek esan du eskuartean dutela txertoaren ibilbide osoa egin dutenei leku itxietan ere musukoa kentzea, tartean erresidentzietan. "Kontu horietan pentsatu behar dugu eta proposamenen bat egin beharko dugu datozen asteetan", gaineratu du.

Publikoa estadioetan

Bestalde, lehendakariak mezu berbera helarazi nahi izan die estadioetan sartu ezin diren kirolzale guztiei, ez "talde bateko jarraitzaileei" soilik, eta gogorarazi die "neurriak ahal den berdintsuenak izan behar diren erkidego bat" dela EAE.

Hala, aitortu du Eusko Jaurlaritza "publikoaren presentzia" hiru aste barru aztertzekotan dela. "Oraingoz indarrean dauden neurriei eutsiko diegu, Europar Batasuneko estatu askotan eta nazioartean dauden bezalaxe", gaineratu du.

Horren harira, lehendakariak 1 Formulako ekitaldiak bertan behera geratu izana edo "Japongo Joko Olinpikoetan atzerriko publikoa hartzeak eragindako kezka" aipatu ditu.

"Kasuistika askotarikoa da, eta gure planteamendua da ahalik eta homogeneoena eta onuragarriena izatea guztientzat aldi berean, sakrifizio bat dela onartuta", azaldu du.

Alarma egoera

Lehendakariak uste du alarma egoera maiatzaren 9tik aurrera luzatu izanak lagundu egingo zukeela "gizarteari pandemian jarraitzen dugula sinetsarazten", eta horrela "irtenbidea" gertuago egongo litzatekeela.

Urkulluk gogorarazi du berak horixe eskatu zuela, alarma egoera luzatzea, alegia. "Kutsatzeak gelditzen eraginkorrak izan diren neurriak betetzea ahalbideko zukeen", itxiera perimetralarekin edo etxeratzeko aginduarekin, besteak beste, lehendakariaren arabera.

Era berean, Urkulluk azpimarratu du auzitegiak ere ez zituela onartu neurri horiek, eta horrek "zalantzak" sortu zituela.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa