Gizartea -

unibertsitate bekak

Jaurlaritzak ordenagailua erosteko bekak emango ditu

Hezkuntza Sailak 28,5 milioi euro bideratuko ditu datorren ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beketarako. Aurten izapideak arintzen saiatuko da.

Eusko Jaurlaritzak digitalizaziorako bekak emango ditu. Argazkia: pxhere.
Emakume bat ordenagailuan.
Eusko Jaurlaritzak digitalizaziorako bekak emango ditu. Argazkia: pxhere.

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2021-2022 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako ikasketak egiteko beken eskaintza onartu du gaur goizean egindako bileran, baita mugitzeko zailtasun bereziak dituzten unibertsitateko ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntzak ere. Hezkuntza Sailak 28.560.000 euro bideratuko ditu deialdi honetan laguntzetara.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, aurtengo nobedade nagusia da "ikaskuntzari eta eraldaketa digitalari laguntzea" gura duen ikuspuntua txertatzea, digitalizazioaren perspektiba, alegia. Horrela, beka bat lortzen duten unibertsitateko ikasleek ere 300 eta 475 euro arteko laguntza jasoko dute urtean, errenatren arabera eta ikasketa-aldi osoan zehar. Horri esker, ikasleek ordenagailua edo euren ikasketetarako beharrezkoak dituzten beste elementu batzuk eskuratu ahal izango dituzte.

2021-2022 ikasturterako deialdi honetan, Hezkuntza Sailak beken izapidetzea arintzea du helburu, eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan erantzuna jaso dezaten eta, aldekoa izanez gero, ikasleek urtea amaitu baino lehen kobratu ahal izan ditzaten. Horrela, beka jasotzeko eskubidea duten ikasleek "ahalik eta azkarren" izango dute eskura laguntza, Bildarratzek azpimarratu duenez.

Laguntzak eskatzeko epea uztailaren 1etik 30era bitartean egongo da zabalik, biak barne, eta eskabidea eta izapidetzea modu elektronikoan egingo dira oso-osorik.

Deialdi hau zabalik dago EAEn bizi diren eta ikasketak autonomia-erkidego horretan edo Estatuko beste edozein tokitan egingo dituzten goi-mailako ikasleentzat. Halaber, zerga-egoitza Euskadin duten familiek bekak jaso ahal izango dituzte, autonomia-erkidegotik kanpo erroldatuta egon arren.

Bestalde, deialdi honek, iaz bezala, errentan % 5eko kenkaria izango du, 2021. urte honetan covid-19aren eraginez zailtasun ekonomikoak jasan dituzten familientzat.

2020-2021 ikasturte honetan, 11.294 euskal ikaslek lortu dute unibertsitateko beka orokorra. Bekaren osagaien artean daude matrikula, ikaskuntzari eta eraldaketa digitalari laguntzeari lotutako zenbateko osagarria, familia-errentari lotutako oinarrizko zenbatekoa, hiriarteko desplazamendua, bizilekua eta aprobetxamendu akademikoa.

Joan-etorrietarako laguntzak

Halaber, Hezkuntza Sailak 100.000 euroko gorde ditu baldintza fisiko edo psikikoak direla-eta mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntza-lerrorako.

aguntza hauek jaso ahal izango dituzte mugitzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleek ezin badute ikastetxera lekualdatu beren zailtasun berezietara egokitutako garraiobide publiko kolektiboak erabiliz, edo, bitarteko horiek erabiltzeko aukera izanik, hirugarren pertsona baten laguntza behar badute. Ikasle bakoitzaren gehieneko zenbatekoa 12.000koa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza