Gizartea -

UNIBERTSITATERA SARTZEKO PROBA

EAEko 12.782 ikasle hasi dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio probak egiten

Berritasun gisa, aurten handitu egin da egoitzen kopurua, eta iaz ezarritako azterketen berregituraketari eutsi zaio.

Gasteizko Campuseko Elurretako gelategia Argazkia: Mikel Arrazola-Irekia.
Gasteizko Campuseko Elurretako gelategia
EAEko 12.782 ikasle hasi dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio probak egiten

1:34

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 12.782 ikasle gaur hasiko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko (USE) probak egiten Euskal Herriko Unibertsitatean.

Aurtengo kopurua iazkoa baino pixka bat handiagoa da, 2020an 12.594 ikasle matrikulatu baitziren probak egiteko. Aurten, beraz, % 1,49 igo da matrikula kopurua.

Batxilergoko ikasle horietako 1.613k egingo dituzte probak Arabako campusean, 5.956k Bizkaikoan eta 4.346 Gipuzkoakoan. Lanbide Heziketako ziklo bat egin dutenen artean, 118k egingo dute Arabako campusean, 429k Bizkaikoan eta 272k Gipuzkoakoan.

Hizkuntzaren arabera, Batxilergoko ikasleen % 75k (8.925 ikasle) euskaraz egingo dute, eta % 25ek (2.990) gaztelaniaz. LHko ikasleei dagokienez, % 55ek egingo dute proba euskaraz, eta % 45ek gaztelaniaz.

Azkenik, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egingo duten Batxilergoko ikasleen % 57 emakumezkoak eta % 43 gizonezkoak dira. LHko ikasleei dagokienez, guztien % 69 dira emakumezkoak eta % 31 dira gizonezkoak.

12.782 ikasle horiei nota igotzeko irakasgai batzuetara aurkeztuko diren aurreko kurtsoetako beste 626 ikasle gehitu behar zaizkie.

Desgaitasunen bat edota premia bereziak dituzten 411 ikasleek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioko probetan egokitzapenak izango dituzte.

Ohikoa baino egoitza gehiago

Ohi denez, hiru egunetan egingo dute, asteartean hasi eta ostegunean bukatuko baitute. Egoitzen kopuruari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak ohikoa den baino egoitza kopuru handiagoa prestatu dute aurten ere, azterketak osasun baldintza onenetan egin ditzaten.

Hori horrela, EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei hauek gehitu zaizkie: BEC, Bizkaian; FICOBA, Gipuzkoan; eta Iradier Arena, Araban. Guztira 38 epaimahai egongo dira egoitza horietan.

Halaber, iazko esperientzia ona kontuan hartuta, ordutegia berregin da, higiene, osasun eta antolakuntza neurriak betetzen direla bermatzeko, hala nola ikasleen itxaroteko eta atseden hartzeko tarteak hobetzeko.

USEko azterketak berregituratzea

Bestetik, covid-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, USEko gaien azterketak 2020an bezala berregituratzea adostu dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak.

Hori dela eta, bakoitzaren hautazkotasuna handitu dute, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak nahasteko aukera emanez. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabiltzen ohi direnak dira.

Hamar azterketa hiru egunetan

Parte-hartzaileek 08:30erako egon beharko dute azterketa lekuan, eta lehendabiziko proba 09:15ean hasiko da.

Gaur, goizez eta arratsaldez arituko dira.

Bihar eta etzi, ostera, goizez bakarrik egingo dituzte azterketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak