Publizitatea
Itxi

2021/06/03

18:35

Gizartea

IKERKETA

Nafarroak berretsi du covid-19aren txertoek % 95 saihesten dutela ospitaleratzea

EITB Media | Agentziak

20.961 pertsonak parte hartu dute ikerketan, covid-19arekin kutsatutako norbaiten hurbileko kontaktuak denak. Horietako 869k txertoaren lehen dosia zuten emanda, eta 512k, biak.

  • AstraZenecaren txertoa

    AstraZenecaren txertoa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Nafarroan, covid-19aren kontrako txertoen lehen dosia hartzeak % 72 ekidin du ospitaleratzea, eta % 95, bi dosiak hartu dituztenen artean.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN) eman ditu datuok, Foru Erkidegoan 2021eko urtarrila eta apirila bitartean 21.000 pertsonarekin egindako ikerketaren harian. Emaitzak esanguratsuak direla ikusita, ISPLNk txertoa hartzeko deia egin du, sendagaiari ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko.

"Txertoaren lehen dosiaren eraginkortasuna neurrizkoa da, eta, bigarrenaren ostekoa, altua", nabarmendu du ikerketa taldeak. Ikerketaren txostena Eurosurveillance aldizkari zientifikoan argitaratu dute, Foru Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Ikerlana txertoaren eraginkortasuna berresteko asmoarekin egin da, Nafarroan, covid-19a zuten gaixoen hurbileko kontaktu ziren 18 urtetik gorakoekin. Zehazki, 20.961 pertsonari egin diete jarraipena; txertoaren lehen dosia emanda zuten 869 eta biak emanda zituzten 512 aurkeztu dira horretarako boluntario.

Txertatutako kontaktuen artean, % 58k Pfizerrena zuten emanda; % 37,9k, AstraZenecarena, eta % 4,1ek, Modernarena. Hala ere, ikerketa taldeak jakinazi du ikerketak ez duela balio txertoen marka ezberdinen eraginkortasuna aztertzeko; izan ere, txertaketa taldeen araberakoa izan da marka bat edo bestea ematea. Gainera, ikerketa burutu zuten momentuan, ez zegoen Nafarroan AstraZenecaren bigarren dosia emanda zuen herritarrik.

Ikertutako pertsonen profila

Normalean, txertoaren eraginkortasuna frogatzeko ikerketetan arazoak izaten dituzte estudioko bi taldeak (txertatutakoak eta txertatu gabeak) konparatzeko, ezin delako behar bezala neurtu pertsona horien esposizio maila. Adibidez, txertoa hartzen duten pertsonek segurtasun neurriak zorrotzago bete ditzakete, edo, kontrara, txertatu ostean neurriok aintzat ez hartzea erabaki dezakete.

Ikerketa honetan, baina, ISPLNk azaldu du joera horiek "behar bezala kontrolatzea" lortu dutela, ikertutako pertsona guztiek antzeko esposizio arriskua izan baitute.

Horrela, berrogeialdiaren hasieran eta amaieran hartu zituzten gaixoen datuak, gaitzarekin kutsatu zirela ziurtatzeko. Orotara, SARS-CoV-2arekin kutsatutako 7.240 kasu (% 35,6) atzeman zituzten; horietako 5.467k ez zuten sintomarik izan, eta 559 ospitalean sartu behar izan zituzten. Britainiarra izan zen aldaera ohikoena, 1.256 kasutan hori atzeman baitzuten (% 68,9).

Txertoaren lehen dosia hartu zuetenen artean, % 35ekoa izan zen SARS-CoV-2ak eragindako edozein infekzio ekiditeko eraginkortasuna. Txertaketa osatu zutenen artean, berriz, % 66koa zen efikazia. Sintomarik gabeko gaixoen artean eraginkortasuna handiagoa dela frogatu du ikerketak: % 42koa lehen dosiarekin eta % 82koa bigarrenarekin.

Lehen dosia emanda, babesa "nabarmen" handitu da txertaketa prozesua bukatu duten pertsonetan: % 48 edozein motatako infekzioean aurrean eta % 69 sintomadun infekzioen aurrean.

Aipatzekoa da lehenengo txertoa jaso zuten 60 urtetik gorako gaixo sintomadunetan efikaziak % 30 egin zuela behera, 18 eta 59 urte bitartekoen % 51ren aurrean. Hala ere, adin tarteen arteko aldea murriztu egin da bigarren dosiarekin: % 77, % 84ren aurrean.

ISPLNk txertoen eraginkortasunaren inguruko datuak biltzen jarraitzen du, eta astero emango dute ikerketaren ondorioen berri, Foru Gobernuak aurreratu duenez.

Ikerketak aditzera eman dituen datuen artean, azpimarratzeko modukoa da txertoa jaso duen pertsonak ospitaleratu behar izateko aukera egon badagoela.

Hainbat ikerketa mota

Arestian aipatutako aurreikuspenak saio klinikoetakoak baino txikiagoak dira, besteak beste, txertatutako herritarren artean adinak edota patologiaren batek baldintzatutako pertsonak egon daitezkeelako.

Osasun langileen artean egindako ikerketetan ere bestelakoak dira datuak, ikertuak pertsona gazteak direlako eta langile osasuntsuaren eraginpean egon daitezkeelako. Eragin honek ikerketan parte hartzen duten langileen osasun onari egiten dio erreferentzia.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;