Gizartea -

Caritas Euskadiren balantzea

Caritas Euskadik ohartarazi du 2020an lan-prekarietateak pobrezia handia eragin duela

Erakundeak 27.608 pertsona artatu zituen iaz, horietako askok egun batetik bestera behar izan zuten laguntza, lana galdu eta heldulekurik gabe gelditu zirelako.

2020an egun batetik bestera laguntza eskatu beharrean aurkitu ziren pertsona asko. Irudia: EITB
2020an egun batetik bestera laguntza eskatzera behartuta aurkitu ziren pertsona asko.
2020an egun batetik bestera laguntza eskatu beharrean aurkitu ziren pertsona asko. Irudia: EITB

Olatz Prat | Eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Caritas Euskadik ohartarazi duenez covid-19aren krisiak enpleguan dagoen "prekarietate handia" azaleratzeaz bat, agerian utzi du herritar zaurgarrienen artean "enplegu informala", kontraturik gabekoa zenbateraino hedatua dagoen, eta hain zuzen ere lan horien galerak pobrezia larriko egoerak eragin dituela azaldu dute, lehenengo eraginetako bat izanik kaltetuek etxebizitzari eusteko izan duten zailtasuna. Errealitate hori areagotzen ari da, eta etxebizitzarako eskubide sozialean dagoen "ahultasuna" agerian uzten du.

Egoera horretan daude Caritasek 2020an lagundu dituen pertsona berrietako asko eta asko, jendearen konfinamendua ekarri eta erakundearen lana izugarri baldintzatu zuen pandemia testuinguru batean. Iaz arreta hori indibidualizatua izan da "pertsona arteko" eta ezin da inondik ere konparatu beste urteetako jarduerarekin, ez zifra aldetik, ez arreta motaren aldetik ere.

Arduradunek ostiral honetan egindako balantzearen arabera, Caritas Euskadik 27.608 pertsona artatu zituen iaz, % 60 emakumeak. Kopuru horretatik, 13.096 pertsona Bizkaian artatu zituzten, 9.024 Gipuzkoan eta 5.488 Araban.

Erakundeak ia 7 milioi euroko inbertsio ekonomikoa egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta guztira 3666 boluntario izan ziren, horietatik 330 berriak.

Erakundearen jarduera guztiz baldintzatu du pandemiak, izan ere, zaurgarrienei arazo berriak eragin baitizkiete, lehen zituztenez gain, etxebizitza mantentzeko zailtasuna, arrakala digitala edo "erasan emozionala", esaterako. Caritasek zera ikusi du, gainera, probrezia gero eta gazteago dela, 2020an artatutako hamar pertsonatatik lauk 30 urte baino gutxiago zituzten.

Bizkaiko Caritaseko zuzendari Carlos Bargosek prentsa aurrean adierazi duenez, "2020ko martxoan bat batean babesik gabe gelditu ziren milaka familia zeudela ikusi genuen, haietako asko ekonomia informalean lan egiten zutenak, eta egun batetik bestera lanik gabe gelditu zirenak". Era horretan, ordura arte Caritasen beharrik ez zuten pertsona asko gure laguntza behar izan dute "gauetik goizera". Nabarmendu du horietako askok ez zeukatela inongo "indargetzailerik",  laguntza sozial, lan-erregulatze espedienterik, eta zenbaitek ezta "kontu korronte bat" edukitzeko eskubiderik ere, haietara laguntza bidali ahal izateko konfinamendu garaian.

Ana Sofi Telletxea Bizkaiko Caritaseko Analisi eta Garapen Saileko arduradunak azaldu duenez, pandemiak agerian utzi du "enplegu informalak"  izan duen "kanporatze faktorea", zeinak "babesik gabe eta pobrezian" utzi dituen lehendik jada modu prekarioan bizi zirenak,

Testuinguru horretan, Caritas azkar sartzen da laguntza-zirkuitoan, baina egoera horietatik irtetea "mantso eta luze" joaten dira.

Jose Ramon Aramendi Gipuzkoako Caritaseko zuzendaria gaur eskainitako prentsaurrekoan, bat etorri da Bizkaiko bere homologoarekin, eta ohartarazi du covid-19ak kalteberatasun eta bazterketa sozial modu berriak zabaldu dituela. Eten digitala, esate baterako, are nabarmenagoa egin da; izan ere, aurten "haur asko" antzeman dituzte online eskolak jarraitzeko "baliabiderik gabe". Erantzun gisa, hezkuntza-laguntza indartu zen telefonoz, online edo WhatsAppen bidez, bai eta aurrez aurre ere, ahal izan zenean. Eten digital horrek, haurrei ez ezik, helduei ere zailtzen die online prestazioak eta zerbitzuak eskuratzea.

Harreman sareen galera

Hiru lurraldeetako Caritas erakundeak bat etorri dira azpimarratzean, pobrezia ekonomikoaz gain, harreman sareen ahultzeak, isolamenduak eta harreman-murrizketek eta pandemiak eragin duen "nekeak" eragin handia izan duela jendearengan "osasun fisiko, psikologiko eta emozionalean erasanez eta ziurgabetasun egoeraren ondorioz".

Caritasentzat pandemiak utzitako herentzia "latza" da hori, "kolektibo zaurgarrienen bizitzak eta aukerak are gehiago okertzen dituelako".

Bizkaiko Caritaseko zuzendariaren iritziz, pandemiak "lotsatan utzi gaitu gizarte gisa" eta hazkunde ekonomikoaren eta kontsumoaren eredua "barregarri utzi" du. Azaldu duenez, "pertsonen zaintza" jarri du erdigunean, eta "zerbitzu sozial unibertsalak eraikitzeko" beharra agerian utzi du, erakunde sozial indartsuekin, arreta sozial eta erresidentzialeko eredu egoki batekin eta arlo publikoaren indartze batekin.

Bizkaiko Caritaseko arduradunek nabarmendu dutenez, entitatearen zerbitzuak egokitu egin dira pandemiak markatutako urtean kalteberenei laguntza emateko, horregatik, "modu hunkigarrian" erantzun duen oinarri sozialetik jasotako "babes eskuzabala" eskertu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak