Gizartea -

KORONABIRUSA

Right2Cure Euskadik bat egin du patenteak askatzeko Europako Herritarren Ekimenarekin

Hainbat talde eta gizarte eragileren babesa duen plataforma honek elkarretaretzea deitu du asteazkenerako, ekainak 9, 19:00etan Bilboko Arriaga antzokiaren plazan.

Right2Cure Euskadiko ordezkariak, gaur. Argazkia: Right2Cure
Right2Cure Euskadiko ordezkariak, gaur.
Right2Cure Euskadiko ordezkariak, gaur. Argazkia: Right2Cure

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Right2Curie Euskadi ekimena sortu dute, Covid-19ren aurkako txertaketa mundu osoan masiboa eta eskuragarria izatea lortzeko helburua duen euskal plataforma. Ekimenak hainbat kolektibo eta gizarte-eragileren babesa du, besteak beste, Medicus Mundi, Osalde, Munduko Medikuak, Amnesty International, Ongi Etorri Errefuxiatuak, CCOO Euskadi, ESK, Sodepaz EH, Feministalde, Mugarik Gabe eta Gorripidea. Ekimenaren bultzatzaileek elkarretaratzea deitu dute asteazkenerako, ekainak 9, 19:00etan Bilboko Arriaga antzokiko plazan, "Txertoak guztiontzat" lelopean.

Sustatzaileek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean ekimena aurkezteko. Bertan, Right2Cure Euskadiko bozeramale Yahcov Ruizek azaldu duenez, "txertoak birusarekin amaitzeko tresnarik onena badira ere, horiek ez dira mundu guztira berdin iristen ari" eta, azpimarratu du, hori saihesteko, eta OMEren barruan Indiak eta Hegoafrikak eskatuta covid-19aren txertoen patenteak askatzearen aurrean duen blokeoaren harira sortu zela Right2Cure ekimena. 

Mugimenduaren helburua da milioi bat sinadura lortzea Europako Herritarren Ekimena Europako Batzordera eraman ahal izateko, eskatzeko, besteak beste, bultza dezala covid-19are aurkako txerto eta tratamenduen patenteak askatzea.

Azaldu duenez, "Right2Cure ekimen europarra hazten ari da eta aurrera egiten ari da patente farmazeutikoak askatzeko borrokan", baina "bide luzea falta da patente farmazeutikoek pandemiaren aurkako borrokan galga izateari utz diezaioten"; beraz, Right2Cureren lana "beharrezkoa da oraindik". Adierazi dutenez, "Euskadiko nodoa artikulatuz, hobeto lagundu ahal izango dugu funtsezko gai hori agerian jartzen, agenda politikoetan mantentzeko behar den eztabaida soziala sortzen eta Europako Batzordera iritsiko dela ziurtatzeko behar diren milioi bat sinadura biltzen".

Bestalde, kolektibo sozialen ordezkari gisa, Eduardo Garcia Langarica eta Itziar Irazabal Medicus Mundiko Euskadiko ordezkariek nabarmendu dutenez, "behar duguna da patenteak askatzea eta fabrikazio-teknologia askatzea, herrialde gehiagok mundu osora zabaltzen diren txertoak fabrikatu ahal izan ditzaten, zeren badira hori egin ahal duten herrialdeak; horrela, txertoen eta gainerako tratamenduen banaketan dauden oztopoak gaindituko lirateke".

Garcia Langaricak gogorarazi duenez, hainbat kolektibotatik salatu izan dute "gardentasun falta eta iluntasuna, sendagaien alta osasun sistemetan, horien prezioetan eta patenteen gaian egiten diren negoziazioetan". Erakunde arduradunetan egindako informazio-eskaeren aurrean "erantzun iheskorrak eta baieztapen eskandalagarriak" jasotzen direla adierazi du.

Medicus Mundik azpimarratu duenez, pandemiarekin diru publikoa masiboki joan da laborategietara, txertoaren ikerketa eta ekoizpena bizkortzeko asmoz, baina kontratu eta ekoizpen-akordio horiek ez dute gardentasunik izan, eta, horri esker, farmazialariek eta laborategiek nahi dutena egin ahal izan dute. Liberalizazioa borondate politiko kontua dela azpimarratu du Irazabalek, "EBk nahi badu, egin dezake eta azkar gainera".

Azkenik, Right2Cure Euskadi ekimenetik, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte eta asteazken honetan, hilak 9, 19:00etan Bilboko Arriaga antzokian, "Txertoak guztientzat" lelopean egingo den elkarretaratzearekin bat egin dezatela.

Ekimenaren lau eskaerak

Europako Herritarren Ekimenak lau eskaera zehatz jasotzen ditu Nonprofitonpandemic bere webgunean. Webgune horretan bertan sinatu daiteke ekimenaren alde.

Alde batetik, patenteak askatzeko eskatzen dute; "osasuna eskubidea" dela azpimarratu dute, eta konpainia pribatu batek ez lukeela izan behar ahalmenik "txertoak edo tratamenduak jasotzeko aukera nork duen, ezta zein preziotan ere" erabakitzeko. Era berean, gardentasuna eskatzen dute sendagaien ekoizpen-kostuei, eraginkortasunari eta segurtasunari buruzko informazioan, bai eta agintari publikoen eta farmazia-konpainiaren arteko kontratuak publiko egiteko ere.

Halaber, farmazia-konpainiei baliabide publikoekin, hau da, zergadunen diruarekin garatu diren funtsezko teknologia medikoak pribatizatzen ez uzteko eskatu dute, "jendeak ordaintzen duena jendearentzat izan behar da", diote.

Azkenik, pandemiarekin inork ez lukeela aberastu behar aldarrikatu dute: "Mehatxu kolektibo batek elkartasuna eskatzen du, ez irabazi pribatua. Finantzaketa publikoa azken produktuak eskuragarritasuna eta prezio eskuragarria izango duen bermearekin bakarrik eman beharko litzateke", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Europar Batasuna Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Botikak albisteak Txertoak azken ordukoa Koronabirusa Industria farmazeutikoa