Gizartea -

II Naziometroa

Euskal herritarren 10etik 7 autodeterminazioaren alde dago

Bigarren Naziometroaren arabera Euskal Herirriko biztanleen % 39,5 Euskal Estatua sortzearen alde legoke, baldin eta adostasun zabaleko erreferendum baten bidez egiten bada.

7 de acada diez personas en Euskal Herria están a favor del derecho a decidir. Foto: EFE
7 de acada diez personas en Euskal Herria están a favor del derecho a decidir
Euskal herritarren gehiengoa erabakitzeko eskubidearen alde dago

1:18

Olatz Prat | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko abenduan kaleratutako lehen Naziometroan gertatu bezala, bigarren Naziometro honetan ere azaleratu da herritarrek oro har gobernantza eredu demokratiko eta parte-hartzaileagoak babesten dituztela.

Galdetutako 1201 pertsonetatik gehienek nahi dute erabakietan parte hartu kasu guztietan: bizi diren hiri/herriko eguneroko arazoez % 78k, haien lurraldeko gai sozial, ekologiko eta ekonomikoekin zerikusia duten edukiez (aurrekontu publikoak, zerga politika, etab.) % 73k eta haien lurraldeko etorkizun politikoaz %67k.

Multzo handiena euskal herritarra eta espainiarra edo frantziarra sentitzen da Euskal Herrian (% 26). Jarraian, oso gertutik (% 24), soilik euskal herritar sentitzen direnak datoz.

Erabakitzeko eskubideaz galdetuta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori eduki beharko lukeela uste du bertan bizi diren herritarren % 72k, Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan % 71k eta Euskal Hirigune Elkargoarenean (Iparraldea) % 68k. Ezezkoan kokatzen direnak % 20aren azpitik gelditzen dira hiru kasuetan.

Aurreko puntuarekin koherentzian, erkidego bakoitzean adostasun politikoa egonda etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko aukerari buruz galdetu denean, Madrilek edo Parisek erreferendum hori onartu beharko luketela uste du euskal herritarren %67k, eta debekatu, berriz, %18k. Hortik harago ñabardurak agertzen dira, jarraian ikusiko denez.

% 42 Espainiatik edo Frantziatik independizatzearen aurka agertuko litzateke, eta % 27 alde. Baina, ikusten denez, galdera bera erreferendum bat egiteko gehiengoaren babesa luken akordio ofizial baten testuinguruan jarrita, irauli egiten dira erantzunak % 40 Euskal Estatuaren alde agertzen baita, eta % 30 kontra. Hau da, Euskal Estatuaren aldeko jarrerak 10 puntuko aldea du.

Nafarroako egoera bestelakoa da; izan ere, bigarren galdera horren aurrean ere, Euskal Estatuaren aurkako jarrerak aldekoa baino handiagoa izaten jarraitzen du. Hala ere, nagusitasun hori apaldu egiten da, baldin eta, Nafarroarekin batera Euskal Estatuari buruz galdetu beharrean, Nafarroako Estatuaren alde edo aurka dauden galdetzen bada. Kasu honetan ere gehiago dira kontra agertzen direnak, baina kontrakotasuna % 41era jasiten da eta alde daudenak, berriz, % 32ra igotzen dira.

Lehen neurketan bezala, oraingo honetan ere Euskal Estatuaren alde daudenei eszenatoki desberdinak jarri zaizkie; oraingoan galdetu zaie ea Euskal Estatua babesten jarraituko luketen horrek egungo politika ekologikoak okertuko balitu (mugikortasuna, energia, industria), eta % 58k erantzun dute kontrako jarrera hartuko lukeela, % 56 egungo pentsio sistema okertzea ekarriko balu, % 47 euskara sustatzeko neurri berri edo bereziak bultzatuko ez balira eta % 40 enpresa handien deslokalizazio edo ihes egitea ekarriko balu.

Kontrako ariketa egin da Euskal Estatuaren aurka agertu direnekin, eta egoera positiboagoak beren iritzia aldarazten duten ala ez neurtu da. Talde horren barruan, pentsioen sistema hobetuko balitz, % 48k aldeko jarrera hartuko lukete, % 47 politika ekologikoak hobetuko balira, % 45  enpresa handiak erakarri eta hemen instalatuko balira, eta % 32 euskara eta gaztelania/frantsesa maila berean egongo balira.

Bi norabideetan gertatu diren aldaketak elkarren artean konparatuta, gehiago dira hasiera batean Euskal Estatuaren alde egonda egoera ezberdinak okertuz gero kontra agertzera pasako liratekeenak, hasiera batean Euskal Estatuaren kontra egonda egoera hobetuz gero alde egotera pasako liratekeenak baino.

Naziometroa ikerketa

Naziometroa Telesforo Monzon eLab (TM eLab) ideia-laborategiak eta UPV/EHUko Parte Hartuz ikerketa-taldeak garatutako ikerketa bat da, eta euskal herritarrek subiranotasunari buruzko eta hari lotutako gaiak aztertzea du helburu.

Oraingoan, Aztikerrek 1201 pertsonari galdetu die online edo telefonoz; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 589 inkesta egin dira, 405 Nafarroan eta 207 Ipar Euskal Herrian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak